Atzerrian ingelesa, frantsesa edo alemana ikasteko 533 egonaldi antolatu ditu Eusko Jaurlaritzak

Actualizado: miércoles, 28 octubre 2015 13:55

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak atzerrian ingelesa, frantsesa edo alemana ikasi nahi duten ikasleentzat 533 egonaldi antolatu ditu, 2016ko udarako, Erresuma Batuan, Irlandan, Frantzian edo Alemanian. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko ikasleentzat dira ikastaroak, eta Jaurlaritzak 847.038 euro bideratu ditu ikastaroen antolekatara.

   Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, 533 plaza horietako bat eskuratu nahi duten ikasleek bete beharreko baldintzak honako hauek dira: aukeratutako hizkuntzan edo hizkuntzetan gutxienik 6,50 puntuko nota eskuratu izana aurreko ikasturtean, eta aurreko ikasturteko batez besteko nota eta hautatutako hizkuntzan jasotako notaren arteko batuketan 15,50 puntu edo gehiago lortu izana. Halaber, ikasleak eskatzen duen plazari dagokion hizkuntza ikasia izan behar du aurreko bi ikasturteetan, eta ikasleak 2016an gehienez ere 19 urte bete ahal izango ditu.

   Plaza bakoitzak, ondorengo gastuak hartzen ditu barnean: joan-etorriko bidaia EAEko hiru hiriburuetatik ikasleak egonaldia egingo duen herrialderaino, bidaia asegurua, hizkuntza ikastaroaren matrikula eta eskola materiala, ostatua, mantenua eta ikastaroa emango den zentrorako hiri garraioa.

   Plazen banaketa egiterakoan, kontuan izango dira ikaslearen hezkuntza maila eta familiaren egoera ekonomikoa. Zehazki, ingelesa ikasteko 463 plaza eskainiko dira (198 Irlandan eta 265 Ingalaterran), frantsesak ikasteko 50 eta alemana ikasteko 20.

   Plazaren bat egokitu zaien ikasleentzat ezinbestekoa izango da dagokion ordainketa egitea. Lehen tartean daudenek, 170 euro ordaindu beharko dituzte, eta bigarren tartekoek 680 euro; lehen tartean sartzen dira aurreko ikasturtean ikasketa-beka jaso zuten ikasleak, eta bigarrenean aurreko ikasturtean bekarik jaso ez zutenak.

   Plazen eskaera eredu normalizatuan egin beharko da, eta instantzia betetzeko azken eguna azaroaren 11 izango da. Instantzia bete ondoren, ikasleek azaroaren 12ra arteko epea izango dute instantzia hori ikastetxean aurkezteko (idazkaritza ordutegia amaitu baino lehen).