Atzerritarrei euskara gerturatzeko eskuko hiztegia eskuragarri dago Bizkaiko zortzi udalerritan

Hiztegiaren azala
BIZKAIMEDIA
Actualizado: lunes, 25 enero 2016 12:47

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

   Alkarbide bilguneak eskuko hiztegien edizio berria prestatu eta argitaratu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, etorkinei baliabideak eskaintzeko euskarara hurbil daitezen. Hiztegia lurraldeko zortzi udalerritan egongo da eskuragarri, arduradunek jakinarazi dutenez.

   Eguneroko bizimoduan lagungarriak izan daitezkeen oinarrizko hitz eta esaldiak jasotzen dira hiztegian, eta bilaketa errazteko, gaika antolatuta daude: agurrak, denbora, norabideak, ohiko hitzak, garraioak, pertsonak, jatekoak eta edatekoa, egunak, zenbakiak, etxea, lekuak, dirua, sorlekuak, komunikatzeko euskarriak.

   Guztira, Bizkaiko zortzi udalerrik (Basauri, Bermeo, Berriz, Gernika-Lumo, Markina-Xemein, Portugalete, Zierbena eta Zaldibar) hartu dute parte egitasmoan, eta herri bakoitzeko etorkinen jatorria zein den kontuan hartuta, bakoitzak erabaki du zein hizkuntza jaso nahi duen hiztegietan.

   Orotara, 11 hizkuntzatan prestatu dira hiztegiok: gaztelania, ingelesa, frantsesa, errumaniera, arabiera, txinera, portugesa, wolofa, errusiera, katalana eta galegoa. Euskarazko hitz eta esaldiei dagokienez, batuaz edo bizkaieraz jaso dira, betiere tokian tokiko aldaerak ere kontuan hartuta.