Augustin Zubikarai Sariaren 2017ko edizioa abian da

Augustun Zubikarai Saria abian
ELKAR
Actualizado: jueves, 20 julio 2017 13:28

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak Augustin Zubikarai Saria antolatu dute aurten ere, euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz. Sariak nobelak sortzeko beka gisa funtzionatzen du eta aurtengoa 17. deialdia da, bere sustatzaileek jakinarazi dutenez.

Eleberriak idazteko proiektuak aurkez daitezke, jatorrizkoak eta euskaraz badira, eta beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez badira. Parte hartzaile bakoitzak landu nahi duen kontakizunaren azalpena aurkeztu beharko du, 2.000 eta 6.000 karaktere bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz. Halaber, idazlanaren lagina ere aurkeztu beharko du, 15.000 eta 40.000 karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.

Gainera, egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua aurkeztu behar dira. Proiektuak irailaren 30a arte bidali daitezke mrey@ondarroa.eus helbide elektronikora.

Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle urriaren 31 baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezake epaimahaiak.

Saria 6.000 eurokoa izango da eta Ondarroako Udalak ordainduko dio irabazleari era honetara: bekaren diru kopuruaren erdia irabazle izendatu ondoren, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan.

URTEBETEKO EPEA

Irabazleak izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du, gehienez, idazlan amaitua Ondarroako Udalari helarazteko. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 150.000 karaktere gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso. Horrez gain, lanaren martxaz jakinaren gainean edukiko ditu antolatzaileak.

Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Ordutik, hauexek izan dira sariaren irabazleak eta argitaratu dituzten lanak: Joxean Agirre, "Zwei Frauen (Bi emakume)"; Itxaso Araque, "Damutzen ez direnak"; Garbiñe Ubeda, "Hobe isilik"; Garazi Kamio, "Orube abandonatuak"; Jasone Osoro, "12etan bermuta"; Miren Gorrotxategi, "33 ezkil"; Katixa Agirre, "Amek ez dute idazten" (ondo bidean, udazken honetan argitaratzekoa).