Augustin Zubikarai XIII. Sarira lanak aurkezteko epea irailaren 30era arte dago irekita

BILBO 24 May. (EUROPA PRESS) -

Ondarroako Udalak (Bizkaia) eta Elkar argitaletxeak Augustin Zubikarai Sariaren 13. edizioa deitu dute, euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz. Sariak nobelak sortzeko beka gisa funtzionatuko du, eta parte-hartzaileek irailaren 30era arte aurkeztu ditzakete lanak. Eleberriak idazteko proiektuak aurkez daitezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.

Parte-hartzaile bakoitzak ondorengoak aurkeztu behar ditu, emailez atxikitako dokumentuetan: landu nahi duen kontakizunaren azalpena, 2-4 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab; idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena; eta egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua.

Aipatu bezala, proiektuak irailaren 30a arte bidali daitezke helbide honetara: mrey@ondarroakoudala.net. Ana Urkizak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle urriaren 31a baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.

Saria 6.000 eurokoa izango da. Bekaren diru-kopuruaren erdia, irabazle izendatu ondoren jasoko du irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan.

Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du gehienez, idazlan amaitua Ondarroako Udalari helarazteko. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 150.000 karaktere gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso. Horrez gain, lanaren martxaz jakinaren gainean edukiko ditu antolatzaileak.

Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenki kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

Diru-laguntza jasotako idazlanaren jabetza egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezingo du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez eta ondoren ere, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaiak onespena ematen duenetik hiru hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.

Contenido patrocinado