Aurrekontuetan "errealismo ariketa" egin dutela eta oposizioari "zehastasuna" eskatu dio Urkulluk

Urkullu Radio Euskadi irratian egin dioten elkarrizketan
IREKIA
Actualizado: viernes, 10 marzo 2017 11:48

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du "errealismo ariketa" egin dutela Eusko Legebiltzarrean aurkeztu duten 2017ko Aurrekontu Proiektua prestatzean, eta oposizioko legebiltzar taldeei "zehaztasuna" eskatu die egiten dituzten proposamenetan. Ildo horretan, bigarren elkarrizketa txanda hasiko du alderdien babesa lortzeko.

"Ona da hurrengo egunetan aurrekontuen arloko agertoki argia izatea", adierazi du Urkulluk ostiral honetan Radio Euskadi irratiari eskainitako elkarrizketa batean.

Eusko Jaurlaritzak ostegunean helarazi zien EAJri eta PSE-EEri oposizioko alderdiekin egindako lehen negoziazio fasearen ondorioak. Urkulluk adierazi du Jaurlaritzak "ahalegin handia" egin duela Aurrekontu Proiektu "soziala" egiteko, defizitaren helburua eta zorpetze muga beteta. Gogoratu duenez, aurrekontuen %76 Hezkuntzara, Osasunera eta Gizarte Babesera zuzenduko da, eta susperraldi ekonomikoa eta enpleguaren sorrera errazteko neurriak hartzen ditu barnean.

Hori dela eta, oposizioko alderdiei "proposamen zehatzak" eskatu dizkie, erabakitzeko "non nahi den gehiago gastatu, eta nondik kendu behar den". "Errealismoaren printzipioan oinarritzen da proiektua. Ez dut baztertzen beste batzuek bestelako apustuak egitea, baina zehatzak izan behar dute", adierazi du.

Ildo horretan, Jaurlaritzako lehendakariaren iritziz, herritarrek "errealismoan oinarritutako politika egiteko modu hori" eskatzen dute, "elkarrizketatik eta akordioetatik" adostasunak bilatzen saiatuko dena, eta, bere esanetan, halaxe islatu da EITB taldeak egin duen azken inkestan.