Aurten 18 urte egiten dutenei 18 ikuskizunetara doan sartzeko aukera ematen dien txartela jarri da abian berriz Bilbon

Actualizado: martes, 3 enero 2012 18:28

BILBO, 3 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, gazteak gehienetan ezagutzen ez dituzten antzerkia, dantza, opera, musika sinfonikoa edo jazza bezalako arte adierazpenetara hurbiltzeko "Kultura 18 / K18" ekimena jarri du martxan beste urte batez. Bere izenak dioen bezala, 2012an 18 urte betetzen dituzten gazteei zuzendutako ekimena da.

Txartela urtarriletik aurrera erabili ahal izango da, eta jada eskatzen has daiteke. Ekimenari oihartzun gehiago emateko, Kultura eta Hezkuntza Sailak "Kulturan murgil zaitez" goiburuko informazio liburuxka helaraziko die aste honetan programaren hartzaile guztiei, eta informazioa institutuetan eta beste prestakuntza zentro batzuetan, udal gazteguneetan edo Gazteen Informazio Bulegoan ere banatuko du.

Bilboko Udaleko iturriek azaldu dutenez, onuradunentzat doakoa izateaz gain, "Kultura 18 / K18" txartelak badu beste abantaila bat: ikuskizun bakoitzean txartela daramanak adin mugarik gabeko lagun bat eraman dezake, eta lagun horrek txartelaren prezioaren erdia baino ez du ordainduko.

2012an 18 urte beteko duten gazte guztiek -2.600 inguru izango direla aurreikusi da- txartel hori lortzeko egin beharko duten gauza bakarra www.kultura18.es webgunean sartzea eta eskaria betetzea da; beste aukera bat 010 zenbakira deituz eskatzea da. Egun gutxi barru euren etxeetan jasoko dute, eta hori guztia erabat dohainik. Eskatzen den gauza bakarra Bilbon erroldaturik egotea eta 2012ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 18 urte betetzea da.

Txartelarekin batera, gazteek bi taloitegi jasoko dituzte: batean baleak izango dituzte, bale horien ordez euren sarrerak eskuratzeko; bestean laguntzailearen sarrerak jasotzeko balioko duten baleak, prezioaren erdia ordain dezan. Horrela, ikuskizun batera doan bakoitzean, gazteak egin behar duen gauza bakarra txarteldegira bere "Kultura 18 / K18" txartelarekin eta NANarekin joatea eta bere izenarekin beteta egongo den bale horietako baten ordez bere txartela jasotzea izango da. Norbaitekin baldin badoa, bigarren balea eman beharko du, berarekin doan pertsonak erdia baino ordaindu ez dezan.

IKUSKIZUNAK

Programaren xedea, gazte gehienek nahiko urrun somatzen dituzten -kulturaren arloan gazteek gehien atsegin dituzten adierazpenen inguruan egin diren hainbat azterlanetan ikusi denez- arte adierazpenetara hurbiltzea da, hau da, antzerkira, operara, dantzara edo jazzera, besteak beste.

Horrela, txartela dutenek euren esku izango duten eskaintza, lau ikuskizun blokek osatuko dute. Arte eszenikoen baitan, Arriaga Antzokiak, Bilboko Alondegiak eta La Fundiciónek antolatutako ikuskizunak, antzerki eta dantza garaikideko BAD eta Dantzaldia jaialdiak, OLBE-ABAOren opera denboraldia eta Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia daude.

Musikaren arloan, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren (BOS) kontzertuak, Musika klasiko jaialdia eta Bilbao 700 Fundazioak programatutako beste zenbait kontzertu, folk musikako Musiketan zikloa, Bilbaina Jazz Club eta Udal Bandak Euskalduna Jauregian ematen dituen kontzertuak agerri dira.

Ikus-entzunezkoen baitan dauden Zinebi eta Zine Fantastikoari buruzko Fant Festival jaialdiak eta Fas Zine-klubak programatutako filmak. Azkenik, Arte plastikoak eta ondarea arloan, bisitak Bilboko Itsasadarra Itsas Museora eta partaidetza Kultura Sailak programatutako tailerretan daude.

Ikuskizunen eskaintza ez dago itxita, eta beste zenbait kultur erakunderekin sinatuko diren akordio berriei esker eskaintza hori zabaltzeko asmoa dago. Onuradunek euro bat ere ordaindu behar gabe zein ikuskizun ikusi ahal izango dituzten jakin dezaten, www.kultura18.es webgunean, Ikuskizunak atalean, hileroko eskaintza ikusi ahal izango dute. Informazioa sare sozialen bitartez ere eguneratu eta banatuko da, sare sozialak gazteek gehien erabiltzen duten baliabideetakoa baitira.