Auzokideen erkidegoetako gune komunen zainketa hobetzeko programa jarri du abian Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak

Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 22 febrero 2012 14:08

BILBO 22 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak "Erkidego Zibikoak" programa jarri du martxan. Egitasmoaren barruan, elkarbizitza erraztera, ondare komunaren aurrean errespetu gehiago izatera eta herritarren eskubideak eta betebeharrak onartzera bideratutako sentsibilizazio, informazio eta prestakuntza jarduerak jasoko dira.

Ekimena, Europar Batasuneko FEDER funtsek %65ean finantzatu duten Europa mailako Rehabitat egitasmoaren barruan egin da. Programa horretan, Udal Etxebizitzak erakundeaz gain, Kataluniako Etxebizitza Agentziak, Zaragoza Vivienda erakundeak eta Frantziako Ville de Toulousek eta Ville d'Aureilhanek ere hartu dute parte. Guztiak, bakoitzak bere lurraldean mantentzen eta kudeatzen dituzten etxebizitza sozialeko auzoetan antzeko egoerak dituzten erakundeak dira.

"Erkidego Zibikoak" programaren barruan, programa pilotu bat diseinatuko da Udal Etxebizitzak erakundea jabe bakarra den erkidegoetako batean, eta beste bat, erakundeak jabe gisa partaidetza duen beste jabeen erkidego batean, Otxarkoagako eta Bilbo Zaharreko auzoetan.

Jardueren programaren lehen fasean, informazio triptiko elebiduna banatuko da, "Bizikidetasun Onerako Rehabitat Programa: Erkidego Zibikoak" izenekoaren dekalogo gisa, aurrerapena eta ingurumenaren aurreko kontzientzia bultzatzeko, elkarbizitza errazteko eta ondare komunaren errespetua eta hiritarren biztanleen erkidegoetan dituzten eskubideak eta betebeharrak onartzea sustatzeko, era pedagogikoan irudikatuta.

Liburuxkan landuko diren gaien artean, jabe erkidegoaren funtzionamendua (eskubideak eta betebeharrak), jardunbide onak espazio komunen mantentze lanetan, elkarbizitza egokirako aholkuak eta etxebizitza berdeak egongo dira, besteak beste.

Bigarren fasean, triptikoan lantzen diren gaiei buruzko presentziazko prestakuntza eskainiko zaie ekimenean parte hartzen duten pertsonei. Hitzaldi horiek, aukeratutako zenbait erkidegotako atarietan izango dira. Horrez gain, erkidegoko jardunaldi irekia ere burutuko da, jardunaldi erdikoa, ekimenaren helburuekin loturak ezartzeko eta herritarren partaidetza bultzatzeko.

Amaitzeko, egungo Etxebizitzen Erabilera eta Mantentze Lanen Eskuliburuaren edukia eguneratuko da, biztanleek erkidegoetan aurkeztutako informazioa bilduz.

Biztanleen erkidegoak herritarren kultura eraikitzeko oinarrizko guneetako bat dira, gune publikoaren eta betidanik espazio pribatua izan den norberaren etxebizitzaren arteko gune estrategikoa baitira. "Beraz, gune horri dagokion garrantzia berreskuratzeko tresna egokiak eskaini behar dira, gune horretan eratzen baita, egunero, bizi garen lekutik hurbilen dagoen harremanen sarea", azaldu du Ricardo Barkala Bilboko Udaleko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen Saileko zinegotziak.

"Gure iritziz, auzokideek euren ingurunean eraldatzeko gaitasuna dute, partaidetzan oinarrituz, euren auto-kudeaketarako gaitasuna hobetuz. Bizikidetasun Onerako Rehabitat Programa: Erkidego Zibikoak izenekoaren bitartez, auzokideekin lan egiteko era berria sortzeko asmoa dugu", azaldu du Marcos Muro Udal Etxebizitzak erakundeko zuzendari nagusiak.

Contenido patrocinado