Axi Muniain surflariak hitzaldia eskainiko du Bermeon abenduaren 28an

Actualizado: miércoles, 16 diciembre 2015 13:19

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Axi Muniain olatu erraldoien surflariak bere esperientziak kontatuko ditu Bermeon (Bizkai), "Olatu Handienaren Bila" izenburupean abenduaren 28an eskainiko dituen hitzaldi eta proiekzioan. GIZek antolatutako saioa 19:00etan hasiko da, Erroxape emakumeen elkartearen lokalean, Erreten parkean.

   Gainera, surflari zarauztarrak bere bidaietara eramaten dauen kamioiarekin izango da Bermeora, eta bisitatzeko aukera izango da, 18:00etatik 19:00etara. Erreten parkean bertan kokatuko da Muniainen kamioia. Hitzaldia amaitu ondoren, surflariak posterrak sinatuko ditu eta berarekin batera argazkiak ateratzeko aukera egongo da.

   Marokon gauez surfeatzen, kosta gordeak miatzen, hurbileko zein urruneko olatu beldurgarriak hartzen ibilia da Axi Muniain, eta esperientzia horien guztien berri emango du irudi eta bideoekin lagunduta.

   Zarauztarra bost aldiz izan da XXL Big Wave Award olatu handien lehiaketako finalista. 2014ko abenduan "playa gris" bezala ezaguna dan inguruan hamar metro inguruko olatua surfeatu zuen bere besoen indar hutsez, udazkenak ekarritako lehen denboralean. Olatu horri esker lortu du aurtengo finalerako pasea, hain zuzen ere.

   Axi Muniain Europako goi mailan lehiatzen aritu zen, baina, 20 urterekin, lehiaketa mundua utzi eta surfa beste ikuspegi batetik bizitzen hasi zen. Ozeano Atlantikoak sortzen dituen itsasaldi handiak jarraitu eta haiek isurtzen dituzten olatu handienak surfeatzeko ahaleginean murgildu zen apurka. Urte askotako ahalegin eta ikerketa lanaren ondorioz emaitza ikusgarriak lortu ditu Muniainek.

   Horrela, 2007an Billabong XXL Awards sarien finalera pasatu zan, Paddle modalidadean finalera pasa zen historiako lehen europarra izanik. 2009an berriro finalera iritsi zan, eta paddle eta towing modalidadeen finaletara igarotzea lortu zuen munduko lehen surflaria bihurtu zan. Guztira, bost aldiz egon da XXL Big Wave Awards munduko bost olatu handienen sarien finalerako izendatua, azkena, 2015ean.