Azoken eta ferien antolaketa eta kudeaketa egokia errazteko gida bat argitaratu da

Ezkerretik eskuinera: Manterola, Oroz eta Madariaga
IREKIA
Actualizado: miércoles, 8 marzo 2017 16:48

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak Euskadin tokiko azokak eta feriak antolatzeko gida argitaratu du, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiekin, Hazi eta Elika fundazioekin eta Eudel elkartearekin batera. Gidak zehazki azaltzen ditu saltzeko antolaketa eta azpiegitura egokia eta aplikatu beharreko araudiak, baita produktuek eta produktuen aurkezpenean bete beharreko baldintza higieniko eta sanitarioak ere. Helburua da udalen eta tokiko erakundeen esku jartzea honelako hitzordu komertzialak egoki antolatzeko eta kudeatzeko beharrezkoa den informazio guztia.

Gidaren aurkezpenean izan dira Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea, Peli Manterola Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria eta Arantza Madariaga Elika Fundazioko zuzendaria.

Gida elebitan argitaratu da, eta gai hauei heltzen die bere kapituluetan: Euskadiko elikagaiak; Nekazaritzako elikagai jardueren sailkapena: Erregistro Ofizialak; Tokiko feriak eta azokak antolatzea; Azpiegiturak eta segurtasuna: Antolakuntzarako gomendioak; Kontsumoari buruzko baldintzak: Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak; Baldintza higieniko-sanitarioak eta elikagaiak aurkezteari buruzkoak.

Gidaren aurkezpenean azaldu dutenez, "beste urrats bat gehiago" da zirkuitu laburrean saltzeko bideak bultzatu eta euskal baserriek eskaintzen dituzten hurbileko eta kalitateko produktuak merkaturatzen bultzatze aldera Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetza garatzen ari den estrategiaren barruan.

Elika Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren erakundea izan da gidaliburua aurkezteko arduraduna, eta aurrerantzean lidergoa izango du jarduerak eta antolamendu teknikoak zabaltzerako orduan.

Bittor Orozen hitzetan, "aire zabalean egiten diren azokak eta feriak dira merkataritzaren erakusgarri behinenak Euskadin, eta haien inguruan jaio eta hazi dira gure udalerrietako asko. Tokiko azoka horien etorkizuna bermatzeko, ezinbestekoa da ekoizleen eta saltzaileen arteko lankidetza. Jarduera horiek ingurune egoki, seguru eta erakargarrian garatu daitezela zaindu behar da".