Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorria egiten hasiko dira 2018an

Contador
Aldundiko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado 2017/11/10 15:28:22 CET

DONOSTIA, 10 (EUROPA PRESS)

Marisol Garmendia Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko foru diputatuak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak bi erakundeen arteko hitzarmen bat sinatuko dute, 2018an zehar herri horren eta Urrestilla auzoaren arteko bidegorria eraikitzeari ekiteko. Bizikleta bidearen tarte berri hori inguruko auzotarren asmo zaharra da, eta orain egikarituko da. Hitzarmenaren arabera, obraren kostuaren %75 foru erakundeak ordainduko du (830.965 euro), eta gainerakoa Azpeitiko Udalak (276.988 euro).

Bidegorri berria eraikitzeko idatzitako proiektua Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialaren Urola bailarako 5. ibilbidearen zatia izango da. Aurrekontua 1.107.953 eurokoa da, eta gauzatzeko epea bederatzi hilabetekoa. Bidegorria 1.550 metro luze eta 3 metro zabal izango ditu.

Akordioa aurkezteko agerraldian Garmendiak adierazi duenez, "Azpeitiko eta Urrestillako auzotarrak duela urte batzuetatik hona eskatzen ari ziren obra bati helduko diogu. Joan den legealditik datorren proiektu bat da, baina inoiz ez du aurrekontu sailik izan Aldundiaren aurrekontuetan.

"Orain bai, Foru Aldundiak eta Mugikortasun Departamentu honek bidegorriaren obrei ekiteko behar diren baliabide ekonomikoak gaitu dituztelako. Gure konpromisoa irmoa da Gipuzkoa osoan zehar bizikleta bideen foru sare bat garatzeko eta lurraldeko udalei laguntzeko, beren udalerrietan tarte berriei ekin diezaieten. Izatez, helburu horietarako bideratzen ditugun partidak modu garrantzitsuan gehituko dira laster onartuko den datorren urteko foru aurrekontuan", azaldu du.

Bestalde, Etxeberria gustura azaldu da azkenean bidegorria egingo delako azkenean, azken urteotan "buruhauste asko" emandako proiektua izan baita Urrestillako bidegorriarena. "Mugikortasun iraunkorraren aldeko apustu sendoa da bidegorria. Azpeitia eta Urrestilla arteko zatia oinez eta bizikletan egitea egingo du posible, eta herritarren bizi kalitatea hobetzen lagunduko du", ziurtatu du.

Azeitiko alkateak Mugikortasun Sailaren eta foru erakundeko arduradunen lana eskertu du, bidegorriaren gaiaren inguruko egoera zailari irtenbidea bilatzeagatik.

Esta web utiliza cookies propias y de terceros para analizar su navegación y ofrecerle un servicio más personalizado y publicidad acorde a sus intereses. Continuar navegando implica la aceptación de nuestra política de cookies -
Uso de cookies