Azterketa batzuek frogatu dute eginkarietako ezkutuko odol testak eraginkorrak direla koloneko minbizia detektatzeko

Luis Bujanda eta Isabel Portillo
Foto: EHU
Actualizado: jueves, 6 febrero 2014 13:50

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

   Zenbait azterketek frogatu dute eginkarietako ezkutuko odol analisiak eraginkorrak direla koloneko minbizia detektatzeko. Luis Bujanda Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasleak egindako lanei esker, azterketari buruzko zenbait zalantza argitu dira. Lanak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) koloneko minbiziaren inguruko baheketa programaren koordinatzailea den Isabel Portillorekin batera egin ditu Bujandak.

   EHUko iturriek adierazi dutenez, koloneko minbizia tumore ohikoena da, EAEn urtero ia 1.800 kasu berri agertzen dira, eta eragin handiagoa du gizonengan emakumeengan baino. Urtero 800 pertsona inguru hiltzen dira gaixotasun honen ondorioz. Gaixotasuna agertzeko faktore erabakigarrietako bat adina da; diagnostikatzeko unean, batez besteko adina 67 urte da, eta horregatik da baheketa programa hain garrantzitsua 50 urtetik gorako pertsonen artean. Hala ere, gaur egun etorkizun handikoak diruditen odol testak daude polipoak eta koloneko minbizia diagnostikatzeko.

   EAEn, 50 eta 69 urte arteko pertsonen artean koloneko minbizia detektatzeko baheketan eginkarietako ezkutuko odolaren test immunologikoak erabiltzen dira. Proba erraza eta merkea da (3 euro baino gutxiago), eta kolonoskopia egitea komeni zaien pertsonak hautatzeko aukera ematen du, hasierako fasean egon daitezkeen koloneko minbizi edo polipoak detektatzeko.

   Euskadiko baheketa programa "oso modu positiboan" nabarmendu da, ezarpen mailagatik (gaur egun 50-69 urte arteko populazioaren %97 inguruk proba honetarako estaldura du), parte hartze altuagatik (%65etik gorakoa) eta emaitza ikusgarriak lortzeagatik (10.000 pertsonari baino gehiagori polipoak detektatu eta kendu zaizkie, eta 1.000 pertsonari baino gehiagori minbizia detektatu zaie, gehienak hasierako fasean). Horrez gain, baheketa programari lotutako ikertzaileek horrelako proben mugak eta onurak identifikatu nahi dituzten azterlan askotan hartu dute parte.

LANAK

   Azken hilabeteetan, EHUko Medikuntzako irakasle eta Biodonostia Institutuko ikertzaile Luis Bujandak eta EAEko koloneko minbiziaren inguruko baheketa programaren koordinatzailea den Isabel Portillok jorratutako hainbat lan argitaratu egin dira edo laster argitaratuko dira aldizkari zientifikoetan. Hala, koloneko minbizia aztertzeko esparruan "toki nabarmena" lortu du EHUk.

   Aipatutako ikertzaileek frogatu dutenez, aspirina hartzeak ez du eraginik eginkarietako ezkutuko odol testetan, ezta beste antiagregatzaile (esaterako, clopidogrel) edo aho bidezko antikoagulatzaile batzuk hartzeak ere, esaterako acenocumaro (Sintrom).

   "Aurkikuntza hau garrantzitsua da, botika horiek hartzeari uzteak tronbosi fenomenoak eragin ditzakeelako", nabarmendu du Bujanda irakasleak. Datu horiek eragin handiko bi aldizkaritan argitaratu dira, hain zuzen ere, 'Mayo Clinic Proccedings' eta 'British Journal of Cancer' argitalpenetan.

   Emaitza horiez gain, 60 urtetik gorako adinarekin koloneko minbizia izan duten gaixoen lehen mailako senideekin (aita, anaia eta semea) eginkarietako ezkutuko odol testa kolonoskopia bezain eraginkorra dela egiaztatu da. "Kasu horietan, 40 urtetik aurrera eginkarietako ezkutuko odol testa bi urterik behin egitea gomendatzen da", azaldu du Biodonostia Institutuko ikertzaileak. Azterlana 'International Journal of Cancer' aldizkarian argitaratuko da.

   Ikertzaileon datu berriek aditzera eman dutenez, emaitza bat positiboa dela zehazteko ebakipuntua egokia da, eta eginkarietako ezkutuko odol test bat baino gehiago egiteak "ez du onura esanguratsurik ekartzen, eta, hortaz, ez da beharrezkoa bi urterik behin ezkutuko odol testak egitea". Artikulua laster argitaratuko da 'World Journal of Gastroenterology' aldizkarian.