AZTI elikagaien ekoizpen eta banaketa jasangarriagoa lortzeko Europako proiektu bat koordinatzen ari da

Elikagaien ekoizpen eta banaketa jasangarriagoa lortu nahi du Sensek
Foto: AZTI-TECNALIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 22 febrero 2012 13:31

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   AZTI-Tecnalia Zentro Teknologikoa jakien eta edarien sektoreari bere produktuen ekoizpena, eraldaketa eta banaketa ingurumen-jasangarritasunaren arabera egiten laguntzen duen Europako SENSE proiektua koordinatzen ari da. Egitasmoaren lehenengo lan-bilera astearte honetan egin da, AZTI-Tecnaliaren Elikagaiak Ikertzeko Unitatearen egoitzan, Derion (Bizkaia).

   Aipatu bezala, euskal zentro teknologikoak kudeatzen du Europako Erkidegoaren ekimen hau, Europako Batasuneko VII. Esparru Programakoa. Europako 12 herrialdetako 23 bazkide ditu proiektuak, tartean enpresak, elikadura-elkarteak eta ikerketa zentroak izanik.

   AZTI-Tecnaliako arduradunek adierazi dutenez, nekazaritzako elikagaien industriak lurraren berotze globalean eragin nabarmena du, eta munduko ur freskoaren %70 inguru erabiltzen du. Datu horiek agerian uzten dute beharrezkoa dela edariek eta jakiek beren ekoizpen-kate osoan (hasi ekoizpenetik eta eraldaketatik eta merkatuko banaketaraino) eragiten duten ingurumen-inpaktua murrizten laguntzeko tresnak izatea.

   SENSE proiektuan (Europako Jakien eta Edarien Kateko Ingurumen Jasangarritasun Bateratua) bildutako ikertzaileek, ekoizleek, eraldatzaileek eta banatzaileek metodologia oso eta bateratu bat landu nahi dute, elikagaien ingurumen-inpaktua zehatz eta arin ebaluatu ahal izateko.

   SENSEko partaideek zukuen, esnekien, haragikien eta akuikulturaren sektoreetan aplikatzeko metodologia bat landu behar dute. Europako merkatuan duten garrantziarengatik hautatu dira sektore horiek. Proiektuko metodologiak ezaugarri hauek izan behar ditu: elikagai-enpresetan erraz ezartzeko modukoa izan behar du, edozein delarik ere enpresa horien tamaina, eta ingurumenaren jasangarritasuna errespetatzen duten salgaiak erraz bereizten lagundu behar die kontsumitzaileei.

   Proiektuak hiru urte iraungo du, eta bertan, ingurumen-inpaktua aztertzeko gaur egun dauden sistemak ebaluatuko dituzte eta jasangarritasuna ebaluatzeko sistema sinplifikatu bat garatuko dute, ekoizpen-kate osoan jasangarritasunaren segimendua egiteko. Asmoa da prozedura horrek egiazki erabiltzea jasangarritasunaren hiru oinarriak: ingurumenarekiko errespetua, bideragarritasun ekonomikoa eta gizartearentzako onura.

   Metodologia berri hori elikaduraren inguruko sektoreetara zabalduko dute, baita elikatze-katean parte hartzen dutenetara ere. Bestalde, kontsumitzaileek ere hartuko dute parte, produktuak bereizteko tipoa eta herritarrei salgai jasangarrienak erosten laguntzeko informazioa diseinatuz.

Contenido patrocinado