BILBO 24 May. (EUROPA PRESS) -
AZTI-Tecnalia eta Saudi Arabiako King Fahd University of Petroleum and Minerals (KFUPM) unibertsitate publikoa elkarlanean arituko dira Arabiako Golkoko arrantza-tokiak modu jasangarrian kudeatzeko oinarri zientifiko eta tekniko gisa erabiltzeko ikerketa-proiektu bat egiten.
Eusko Jaurlaritzak azpimartratu du sinatutako kontratua 1,3 milioi eurokoa dela, eta balio erantsia daukala AZTI-Tecnaliarentzat, lankidetza-esparru garrantzitsu bati ekin baitzaio, etorkizunean beste ezagutza-arlo batzuetara zabalduko dena. Halaber, Jaurlaritzaren arabera, akordioak agerian utzi du "oso garrantzitsua" izan dela AZTI-Tecnaliak espezializazioaren alde eta bere ezagutza-arloetan nazioarteko erreferentzia izatearen aldeko apustua egin izana.
Aurreikusitako azterketen bidez, Arabiako Golkoko arrantza-tokien gaur egungo egoeraren eta espezieen dinamiken berri izango da, eta stock-en ebaluazioa egin ahal izango da. Bi erakundeetako ikertzaileek arrantza-baliabideen jasangarritasunerako ezinbestekoak diren zenbait habitaten egoera aztertuko dute, besteak beste, koralezko arrezifeenak, itsas-fanerogamoen belardienak, mangladienak eta hondo arrokatsuenak. Habitaten azterketak, nagusiki, errunaldi- eta hazkuntza-eremuak izango ditu ardatz, eta golkoko ekologia- eta arrantza-emankortasuna sakon ezagutzeko balioko du.
Hango uretan erabiltzen diren askotariko arrantza-metodoek eragindako ingurumen-inpaktuak ere izango dira aztergai. Kontuan hartuko dira, bereziki, arraste-arrantzak itsas hondoetako habitatetan duen eragina eta arrantza-aparailu guztiek zer eragin duten arrantza-flotaren helburu ez diren espezieak nahi gabe harrapatzean.
Proiektuaren emaitzak lagungarriak izango dira arrantzaren eraginkortasuna hobetzeko eta ekoizpen-kostuak gutxitzeko, arrantza-jardunbide jasangarriak ezartzeko, ingurumen-inpaktuak gutxitzeko, baliabide naturalak babesteko eta itsas bizitzaren dibertsitatea aprobetxatzeko.
KFUPM UNIBERTSITATEA
King Fahd University of Petroleum and Minerals (KFUPM) unibertsitate publikoa 1963an sortu zen eta 14 fakultate ditu. Times Higher Education-QS World University Rankings 2012 zerrendak 208. postua eman dio munduko unibertsitateen artean, eta bere Matematika Fakultatea munduko 50 onenen artean dago. KFUPM funtsezkoa da Saudi Arabiako Nekazaritza Ministerioarentzat, ezagutza zientifikoan eta unibertsitateak eskaintzen duen aholkularitzan oinarritzen baititu hark bere politikak.
Bestalde, egiaztatutako esperientziari eta ikerketen zorroztasunari esker, gero eta herrialde gehiagok dute konfiantza AZTI-Tecnaliarengan, itsasoari eta haren baliabideei lotutako azterketak egiteko. Nazioartean duen eragina erakusteko, zentro teknologikoak akordio bat sinatu zuen Txinako Ingurumen Zientzien Akademiarekin, itsasoko eta kostaldeko ingurumena zaintzeko eta leheneratzeko I+Gko proiektuak garatzen.
AZTI-Tecnalia nazioarteko bihurtzeko prozesua 2000. urtean hasi zen, hainbat proiektu sinatuz Txilen, Ekuadorren eta Argentinan. Hurrengo urteetan, zerrenda luzatu egin zen eta, besteak beste, herrialde hauek gehitu zitzaizkion: Indonesia, Panama, Peru eta India. Indian, fruten eta zerealen prozesuetako azpiproduktuak balorizatzen dihardu gaur egun.
AZTI-Tecnaliako adituei herrialde askotatik eskatzen diete arrantzara bideratutako teknologia transferitzeko programak emateko, esate baterako, Boli Kosta, Senegal, AEB, Mexiko, Panama, Ekuador, Venezuela, Kolonbia, Marshall uharteak, Mikronesiako Estatu Federatuak, Txina, Taiwan, Filipinak, Seychelle uharteak, Madagaskar, Frantzia, Espainia, Islandia eta Faroe Uharteetatik.