Bai Euskara Ziurtagiriaren Elkarteak 2013-2015 eperako Plan Estrategikoa zehaztuko du

Actualizado: lunes, 11 febrero 2013 18:20

BILBO, 11 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak 2013-2015 eperako Plan Estrategikoa zehazteari ekin dio ekainera bitartean. Proiektu honen bidez, Ziurtagiriaren Elkartearen norabidea behar bezala finkatzeko eta garatzeko urratsak zehaztu nahi dira.

Kudeaketa planaren definizioa ez da hutsetik abiatuko, nere garaian "Ziurtagiriaren Elkartearen estrategia, 2009-2012" onartu baitzen, elkartearen misio, balio eta ikuspegia zehaztuz, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak bere webgunean azaldu duenez.

Joan den otsailaren 1ean hausnarketa prozesuko lehenengo bilera egin zen -aurrez talde eragilea lanean aritu da prozesua antolatzen-; Zuzendaritza taldeko kideak, Ziurtagiriaren Elkartearen lantaldea eta komunikazio aholkulariak elkartu ziren. Azken bilkurako helburua izan zen identifikatzea urte hauetan zertan asmatu den eta zertan ez, zer ikasi den, etorkizuneko aukerak zein diren edota aurrera begira zer egin daitekeen beste modu batera.

Bilerak luze jo zuen eta ondorio nagusia izan zen orain arte "proiektu arrakastatsua" izan dela, "baina askoz hobea eta arrakastatsuagoa izan daitekeela aukera guztiak behar bezala baliatuta".

Ziurtagiriaren Elkartearen Plan Estrategikoa (2013-2015) garatu ahal izateko, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak interes taldeak identifikatu ditu eta hausnarketa prozesuan parte hartzera gonbidatuko ditu.

Interes taldeak ugariak dira: ziurtagiria daukaten entitateak, zuzendaritza taldea, aholkularitza sektorean ari diren enpresak, administrazioak edo elkartean bertan lanean ari diren pertsonak. Bilera-egutegia zehaztuta dago, eta bilera horietara gonbidatuko dituzte. Hala ere, ekarpenak egiteko bestelako aukerak ere badira: www.baisarean.org blogaren bidez edo info@baieuskarari.org posta helbidera ekarpenak idatziz.