BILBO 21 May. (EUROPA PRESS) -
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak joan den urtarrilean hasi zuen hausnarketa estrategikoa eta dagoeneko azken txanpan sartuta dago. Horrela, administrazioko kideekin elkartu ziren elkarteko ordezkariak joan den ostiralean.
Besteak beste, bileran izan ziren Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako eta Gipuzkoako nahiz Arabako foru aldundietako ordezkariak, eta UEMAko eta Donostia, Leitza edota Gernika-Lumo bezalako udaletako kideak. Hausnarketa estrategikorako aurreikusitako bilerak amaituta, plan estrategikoa diseinatzen hastea izango da elkartearen hurrengo lana.
"Plan estrategikoarekin ireki dugun prozesua eta lantzeko modua bera ere berritzailea izan da, eraldatzailea, parte-hartzailea eta bibentziala. Horrexegatik prozesua oso aberatsa ari da izaten eta asko ari gara ikasten. Bai Euskarari Ziurtagiriaren etorkizunaren inguruan hausnartzeko hasi genuen prozesua ari da fruituak ematen, eta are emaitza oparoagoak eman ditzan gelditu gabe lanean ari gara, bihotzarekin eta emozioekin Bai Euskarari-ren etorkizuna eraikitzen", adierazi dute elkarteko kideek.
Apirilera bitartean bi bilera egin ziren: bata, Bai Euskarari Elkarteko taldearekin eta zuzendaritzarekin, eta bestea, Bai Euskarari Ziurtagiria dutenekin. Apirilaren erdialdean beste urrats bat eman zen, eta aholkularitzekin bildu zinen lehenik, hau da, Emun Elhuyar, Ahize, Artez eta Iberbarekin, eta euskalgintzako erakunde eta enpresekin ondoren; horien artean, bereziki garrantzitsua izan zen Kontseiluko kideekin egindakoa. Azkenik, administrazioetako kideekin elkartu dira.