"Ballerina" eta "Batman Lego" filmak euskaraz ikusi ahal izango dira

"Barman Lego" filma euskaraz ere izango da
WARNER/EW
Actualizado: viernes, 20 enero 2017 12:34

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Zineuskadi elkarteak sustatzen duen Zinema Euskaraz programa haurrei zuzenduriko beste bi film euskaraz ikusteko aukera eskainiko du aurki: "Ballerina" eta "Batman Lego" filma. Lehena urtarrilaren 27an estreinatuko da, eta bestea otsailaren 10ean, Zineuskadik jakinarazi duenez.

Zinema Euskaraz programak "2016. urte oparoa" izan zuen, guztira 15 pelikula bikoiztu baitziren euskarara, besteak beste, "Zipi Zape eta kapitainaren irla", "Printze Txikia", "Laban" edo "Ozzy" bezalako film arrakastatsuak.

Horrela, 2017. urtea bide beretik hasi da, 40 egunean hiru pelikula euskaraz estreinatu baitira. "ORM Elurretako Erresuman" izen zen lehena, eta "Ballerina" urtarrilaren 27an estreinatuko da. Azken urteotan Europan egin den animaziozko koprodukziorik handienetakoa da, eta orain arte estreinatu den herrialdeetan "izugarrizko arrakasta" izan du. Dantzari izan nahi duen neskatila batek Parisen biziko dituen abentura zirraragarriak ekarriko ditu Euskal Herriko zinema aretoetara.

"Batman Lego" filma, berriz, otsailaren 10ean estreinatuko da. Beste ekoizpen handi bat da, kasu honetan, Warner Bros Pictures etxeak ekoitzia. Superheroien munduan murgiltzen da, aurrekari duen "Lego" filmak ematen duen bermearekin. Zineuskadik laster argitaratuko du webgunean bi pelikulak zein aretoetan estreinatuko diren.

Zineuskadiren arduradunek nabarmendu dute Zinema Euskaraz programa "urrats kuantitatibo eta kualitatiboak" ematen ari dela azken urteotan. "Geroz eta gehiago dira euskarara bikoizten diren filmak, eta ez hori bakarrik, bikoizten diren filma horien kalitateak gora egin du nabarmen", ziurtatu dute.