Barakaldoko Gabonaldiak 77.440 lagun jaso ditu

Actualizado: miércoles, 11 enero 2017 15:21

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

Barakaldoko Udalak Gabonetan antolatu duen Gabonaldia programak 77.440 pertsona hartu ditu aurtengo edizioan. Egitasmoak adin guztiei zuzenduriko 70 jarduera baino gehiago eskaini ditu eta Barakaldoko Udalak "balorazioa oso positiboa" egin du.

"Datuek adierazten dutenez, herritarren artean arrakasta izan dute udalak proposatutako ekimenek, izan ere, karpa ingurura hurbiltzea nahikoa zen programa familien gustukoa zela ikusteko", Nerea Cantero Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Drogamendekotasunen Prebentzio Arloko zinegotziak adierazi duenez.

Gabonaldia hirian barrena bereizitako zenbait esparrutan garatu da. Horrela, gune nagusia Herriko Plazan jarritako karpa izan da; 2015ean erabili zen lehen aldiz gune hori, eta aurten, 8.900 lagun bildu dira bertan. Txirri, Mirri eta Txiribiton (1.200 ikusle), El Show Cuadrilla de Drilo (1.000 ikusle) eta "Gerry Regitschinig" zirku antzerkia (900 lagun) izan dira ekitaldirik jendetsuenak.

Beste gune garrantzitsu bat Barakaldo Antzokia izan da, eta 6.591 lagun bertaratu baitira. Eguberri eta Urte berri egunetako kontzertuak, Barakaldo futbol taldearen mendeurrena, Habanerak, Eguberriko abesbatzen kontzertua, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Diana Navarro eta Magiaren Nazioarteko Gala izan dira antzokiko 660 besaulkiak betetzea lortu dituzten ekitaldiak.

Txikienek Lasesarreko frontoian urtero egokitzen den haur ludoteka izan dute, eta gunera 10.156 lagun hurbildu dira. "Ludoteka 11 egunetan egon da zabalik eta 5.095 umek parte hartu dute, gainerakoak nagusiak izan dira. Egunero 1.000 lagun inguru ibili dira", zehaztu du Canterok.

Erabiltzaile kopururik handiena abenduaren 28an izan zen, 1.278 umerekin, eta gutxien, abenduaren 23an -arratsaldez baino ez zen zabaldu-, 332 umerekin, eta abenduaren 24an -goizez-, 178 umerekin.

Kultur etxeek eta hiri zentroek ere bat egin zuten Gabonaldia programarekin eta 11 tailer, 14 ikuskizun eta bi jarduera (doan) antolatu zituzten; guztira, 2.027 lagunek parte hartu zuten. "Zine emanaldiak Clara Campoamor zentroan eman behar izan dira karpakoak ez zuelako aurreikusi bezala funtzionatu. Zine emanaldi hauek ("PAN", "Hotel Transilvania 2" eta "The Snow Queen") 234 ikusle bildu dituzte", zehaztu du Canterok.

OLENTZERO ETA ERREGE MAGOAK

Bestalde, aurten ere, Olentzerori eta Errege magoei harrera egiteko ekitaldiak izan dira Gabonetako jendetsuenak. Horrela, gutxi gorabehera 17.800 lagunek agurtu zuten ikazkina abenduaren 24an, goizean egindako ekitaldian eta arratsaldean karpan egindakoan eta kalejiran parte hartutako guztiak kontuan hartuta. Errege magoek, berriz, 31.700 lagun inguru lortu zuten kalera ateratzea egun osoan.

"Olentzerori eta Errege magoei harrera kalean egin ahal izatea oso gustukoa izan da umeekin batera momentuko magiaz gozatzera hurbiltzen diren barakaldarren artean, azpimarratu du Canterok.

Barakaldoko Udalak 222.208 euro inbertitu ditu Gabonetako kanpainan -Gabonaldian 148.635,58 euro, Olentzeron 31.026,40 euro eta Errege magoetan 42.548,67 euro-, eta, gutxi gorabehera, 77.408 lagunek parte hartu dute antolatutako jarduera guztietan.

"Antzoki, karpa eta ludotekako datuak oso fidagarriak dira, zeren eta udal teknikariek aulki eta lekuen edukieraz baliatu baitira zenbatzeko. Desfileetako datuak orientagarriak dira, baina behetik kalkulatu dira", adierazi du zinegotziak.