Baratzezaintza eta abeltzaintza ekologikoak aztertzeko jardunaldiak antolatu ditu Gipuzkoako Aldundiak

DONOSTIA, 23 Nov. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiak baratzezaintza eta abeltzaintza ekologikoaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu datorren asteartetik, azaroaren 25etik, abenduaren 4ra bitartean. Lan saioak ekoizpen ekologikoan interesa duten baserritarrei, abeltzainei, teknikariei, ekoizle hasiberriei eta beren jarduera hobetu nahi dutenei zuzenduta daude. Antolaketan Biolur, Eneek, Afog eta Ble elkarteek parte hartu dute; guztiak eredu ekologiko eta jasangarriaren alde lanean ari dira, foru erakundeak jakinarazi duenez.

Asteartean eta asteazkenean, azaroaren 25ean eta 26an, Fraisoro Nekazaritza Eskolan izango dira lehen hitzaldiak, baratzezaintza ekologikoa, baserrietarako beste gestio eredu bat eta komertzializazioa aztertzeko. Hizlarien artean, nekazari, aditu eta unibertsitateko irakasleak izango dira. Ostegunean, azaroaren 27an, Zaldibiako Goizane eraikinean egingo da saioa, eta bertan ganaduzale eta teknikariek abeltzaintza ekologikoari buruzko azalpenak emango dituzte.

Halaber, abenduaren 2an eta 4an aukera izango da ekoizpen ekologikoan aritzen diren baratze, oilategi eta gaiak eraldatzen dituzten baserriak bisitatzeko.

Jardunaldiak dohainik izango dira, baina aurretik izena eman behar da helbide elektroniko hauetakoren batean: biolur@biolur.net edo mcinchausti@gipuzkoa.net.