Barretartia egitasmoak umorea landu eta sustatzeko ikastaroak, hitzaldiak, aholkuak eta ikuskizunak egingo ditu

Idoia Torregarai da Barretartia ekimenaren sortzailea
BARRETARTIA
Actualizado: miércoles, 25 abril 2018 16:57

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Idoia Torregarai kazetari eta Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) Komunikazio arduradunak Barretartia Umore Zerbitzuak egitasmoa jarri du martxan. 2012an ireki zuen Barretartia blogetik abiatuta sorturiko ekimen berriak umorea landu eta sustatzeko ikastaroak, hitzaldiak, aholkuak, artikuluak eta ikuskizunak egingo ditu, besteak beste.

Idoia Torregarai (1974, Usurbil, Gipuzkoa) kazetaria da ikasketez, Komunikazio arduraduna UEUn eta umore zalea bihotzez. Betidanik erabili eta interesatu zaio umorea, eta 2012an Barretartia bloga ireki zuen, umorea euskaraz egin eta umoreari buruz aritzeko.

Azken urteetan umorearen inguruko ikastaroak eskaintzen ari da eta umorezko kolaborazioak egiten ari da hainbat hedabidetan (Euskadi Irratia, Info7, ETB), bai eta bakarrizketa saioak ere. Hori guztia hartu eta umoreari lotutako proiektu integrala sortu du orain: Barretartia Umore Zerbitzuak.

Torregaraiuk Barretartia bloga sortu zuen 2012an, "umorea euskaraz egiteko leku bat eta umoreari buruz hausnartzeko tokia" egin nahi zituelako. "300 post baino gehiago idatzi ditut urte hauetan guztietan, mota desberdinetakoak: medioetarako idatzi ditudan kolaborazioen gidoiak, twitterreko txiolariak profilak, aholkuak, beste pertsonen kolaborazioak, artikuluak", azaldu du.

Orain, Barretartia Umore Zerbitzuak jarri du martxan, "umoreak gure egunerokotasunean duen garrantziaz gero eta gehiago jabetzen" joan delako eta horretan "sakontzen" jarraitu nahi duelako. Ildo horretan, azken urteetan umoreari buruz asko ikasten ari dela eta "eskaintza polita" egin dezakeela adierazi du. "Teoria eta praktika uztartuz, eskaintza integral bat bideratu nahi dut Barretartia Umore Zerbitzuak-en bidez", gaineratu du.

Horrela, blogean edukiak sortzen jarraituko duen arren, umore sorkuntzari ez ezik, umoreari buruzko jakingarri, aholku eta abantailei toki zabalagoa ematea da bere asmoa. Horrez gain, ikastaro desberdinak proposatuko ditu: umorea hezkuntzan, umorea eta sormena, umorea eta generoa, umorea egunerokotasunean edota barreterapia. Gainera, umoreari buruzko hitzaldiak ere eskainiko ditu, eta, azkenik, banakako edo binakako bakarrizketak ere sortuko ditu.

Barretartia "denentzat" dela ziurtatu du. Azaldu duenez, "umoreaz gozatu nahi duenak hortxe izango du bloga edukiekin barre egin eta informazioa jasotzeko". Bestetik, umorea "estrategia gisa" bere egunerokotasunean eta lanean erabiltzen ikasi nahi duenak ikastaroak eta hitzaldiak izango ditu, eta, azkenik, bere herrian edo elkartean umorezko ikuskizuna antolatu nahi dutenek ere aukera izango dute Barretartia ekimenaren bidez zerbait desberdina programatzeko.

UMOREA ONURAGARRIA

Torregaraik azpimarratu du umorea onuragarria dela oso. Horrela, fisikoki barre egiteak bihotza indartzen duela, azala gaztetzen duela, arteria presioa jaisten duela, sistema immunologikoa gogortzen duela, digestioa hobetzen duela eta arnasa errazten duela ziurtatu du.

"Horretaz gain, umorearen 'txipa' piztuta edukitzeak konfiantza eta animoa igotzen ditu, talde kohesioa eta harremanak errazten ditu, tentsioak askatzen ditu, motibazioa areagotu eta ahalduntzen ere laguntzen digu", azaldu du.

Halaber, batzuetan umorea kaltegarria ere izan daitekeela esan du, "min handia" egin baitezake "norbait zapaltzeko erabiltzen badugu". Bere hitzetan, "umorea erabiltzerakoan beti galdetu behar diogu gure buruari ea egiten ari naizen hori zein botere harremanetan kokatzen den: nire parekoari egiten ari naiz, ni baino ahulago den norbaiti egiten ari naiz edo nire gainetik dagoen norbaiti? Erantzun horrek esango digu erabiltzen ari garen umorea beste norbait beheratzeko den ala ez", adierazi du.