Barrokoa izango da Kursaal Fundazioaren "Musika Familian" zikloko saioaren protagonista bihar

Actualizado: viernes, 6 mayo 2011 14:12

DONOSTIA, 6 May. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Kursaal Fundazioak "Barrokoa, historiari begirada bat" izenburuko haurrentzako ikuskizuna eskainiko du bihar, eguerdiko 12:00etan hasita, Kursaaleko Ganbera Aretoan. Emanaldia "Musika Familian" egitarauaren baitan dago, Kursaal Fundaziotik jakinarazi dutenez.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (EOS) Ganbera Orkestrak XVI., XVII. eta XVIII. mendeetara eramango ditu ikus-entzuleak orduko protagonista batzuen eskutik. Purcell, Albinoni, Vivaldi, Telemann, Bach edo Haendel musikagileak sortzaile handiak izan ziren eta historiako musika-mugimendu luze eta emankorrenetako bat garatzeko gai izan ziren: Barrokoa.

Era ludiko baina zorrotzean, haurrei zuzendutako emanaldian, garai hartako konposizio nabarmenetako batzuez gozatzeko parada izango da, oraingoan, orkestra murritzago batek lagunduta. Halaber, bereziki dibertigarriak diren ahots-lanak izango dira, ahots-laukote batek interpretatuta. Lara Agudo sopranoa izango da entzungai eta Lorenz Nasturica Herschcowici arituko da zuzendari lanetan.

Mikel Cañada EOSeko Hezkuntza saileko koordinatzailea izan da proposamen berri honen sortzailea eta gidoilaria. Aurkezpen-lanetan Ana Hernandez arituko da.

Kontzertua hasi aurretik, sentsibilizazio tailer bat egingo da, Maria Setuain musika bitartekariaren lankidetzarekin. Bertan, kontzertuan agertuko diren hainbat elementu azalduko dira egitaraua osatzen duten obra batzuk abiapuntu hartuta; besteak beste, Haendelen "Ur-musika" suitearen inguruan koreografia bat landuko dute eta Vivaldiren "Negua" piezarekin musikagileak natura nola imitatzen duen aztertuko dute.

Tailer hau Ganbera Aretoan izango da, 10:45etik 11:30etara, eta doakoa da kontzerturako sarrera duen edonorentzat. Hala ere, aldez aurretik izena eman behar da nahitaez Kursaal Fundazioko bulegora deituz: 943 00 31 80.