Barrutirock talde berrien kontzertuen zirkuitua jarri du abian berriz Bilboko Udalak

Actualizado: martes, 22 febrero 2011 13:57

BILBO, 22 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalaren Enplegu, Gazteria eta Kirol Sailak kontzertu gehiago eskainiko ditu urteko lehen hiruhilekoan Barrutirock talde berrien kontzertuen zirkuituaren baitan. Ekimen honen helburua da hasten ari diren bertoko taldeak bultzatzea doako kontzertuen bidez. Kontzertu horiek barrutietan egiten dira eta bertan, taldeek zuzenean erakusten dute euren lana, ikusleen aurrean esperientzia irabazten dute eta euren musika ezagutzera ematen dute.

Horrela, antolatzaileek adierazi dutenez, hilabete honetarako Ultimo dia (rock) eta Two mules and a Rainbow (rock klasiko) taldeen emanaldia antolatu da biharko, arratsaldeko 20:00etan, Crazy Horse aretoan.

Martxoan kontzertu bi izango dira. Lehenengoa hilaren 9an izango da, Bilborocken, 20:00etan, eta Ustelak eta Hate Mondays rock taldeek joko dute. Beste kontzertua Errekalde auzoan izango da, martxoaren 23an, eta Ukabila metal taldeak eta Gazte Gogorrak punk taldeak joko dute, 21:30etan, Elexabarriko ikastetxean.

Programa hau joan den udaberrian hasi zenetik 22 talde berrik jo dute Bilboko areto desberdinetan. Parte-hartzaileen artean, rockeroak izan dira gehientsuenak (12 emanaldi), gero metal taldeak (lau kontzertu), pop taldeak (hiru kontzertu) eta, azkenik, beste musika batzuen emanaldi bi izan dira.

"Bagenekien, Gazteria Sailak antolatzen duen Bilbo Hiria Lehiaketaren bidez, Bilbon hasten ari diren talde ugari daudela baina, hala ere, harrituta gaude Barrutirocken parte hartzeko eta zuzenean jotzeko izan den erantzuna oso handia izan baita. Parte hartzeko eskariak guk espero genituenak baino asko gehiago izan dira", esan du Jon Sustatxa Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak.

Barrutirock zirkuituan parte hartzeko, taldeek Bilboko Taldeen Erroldan egon behar dute. Errolda horretara webgune honetatik sar daiteke: www.bilbao.net/bilborock