Basque Culinary Center eta Euskal Herriko Sagardo Gorenak elkarteek sagardo eta gastronomiaren ikerkuntza sustatuko dute

Actualizado: viernes, 25 noviembre 2011 15:41

DONOSTIA, 25 Nov. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Sagardo Gorenak elkartea Basque Culinary Center proiektuari atxiki zaio, eta horretarako, "aliantza estrategikoa" sinatu dute biek, euskal sagardoaren eta gastronomiaren inguruko sinergiak sortzeko konpromisoa hartuz.

Izan ere, goi-mailako sukaldaritzako profesionalen artean eta gastronomiarekin zuzenean edo zeharka zerikusia duten enpresa-sektoreetan ikerkuntza eta ezagutzaren transferentzia sustatzea da Basque Culinary Centerren eginkizun nagusietako bat, eta helburu horretarako, funtsezkoa du proiektuari atxikiko zaizkion aliatuak bereganatzea. Sinatutako hitzarmenak aliatuen zerrenda handitu eta sagardoaren munduak proiektuarekin bat egitea ekarriko du.

Euskal Herriko Sagardo Gorenak elkarteak, berriz, euskal sagardoa garatu, finkatu eta sustatzea du xede. Euskal sagardoaren lehen kalitate-karma egiaztatua da, eta bertoko sagardorik onenak identifikatzeko sortu zen. Hala, elkartutako sagardogileek darabilten bereizgarria da "Gorenak".

Gauzak horrela, Basque Culinary Center Fundazioko zuzendari eta Mondragon Unibertsitateko errektoreorde Joxe Mari Aizegak eta Euskal Herriko Sagardo Gorenak elkarteko lehendakari Miguel Mari Lasak izenpetu duten aliantzak urtebeteko indarraldia izango du. Horren arabera, bi aldeek ikerketa, proiektu eta programa bateratuak gauzatuko dituzte bion intereseko arlo zientifikoetan.

Halaber, elkarlanean jardungo dute prestakuntza-programetan, bereziki euskal sagardoaren mundua eta gastronomiarekin dituen harremanak ezagutarazteko helburua dutenetan. Hala, Basque Culinary Centerrek euskal sagardoaren kultura bultzatuko du bere programetan eta Gorenak izango du sagardoaren erreferentzia-markatzat.

Era berean, bi erakundeek gastronomiari, elikadurari eta nutrizioari buruzko aholkularitza eta informazioa emango diote elkarri, txostenak eginez, lantaldeak osatuz edo bestelako lankidetzaren bidez.