Basque Culinary Centerrek ate irekien jardunaldia egingo du larunbat honetan

Ate irekien jardunaldia Basque Culinary Centerren
BASQUE CULINARY CENTER
Actualizado: viernes, 16 diciembre 2011 11:08

DONOSTIA, 16 Dic. (EUROPA PRESS) -

Basque Culinary Centerrek Donostiako Miramongo Teknologia Parkean dituen instalazio berrien ateak irekiko ditu larunbat honetan, abenduaren 17an, Ate Irekien Jardunaldirako. Bertan, ikasketak egiteko interesa duten etorkizuneko ikasleek fakultateko tutoreekin eta irakasleekin hitz egiteko aukera izango dute, bertatik bertara gastronomia proiektua eta eskaintzen duen gradua ezagutuko dute eta instalazioak bisitatuko dituzte.

Datorren ikasturtean, gainera, interesatuek aukera handiagoa izango dute Gastronomia Zientzien Fakultatean sartzeko. Izan ere, Fakultatea martxan jarri den lehen urtearen ostean, plazen kopurua handitu eta ehun ikaslek izena eman ahalko dute. Joan den urtean gazte askok ezin izan zituzten gradu-ikasketak egin, 70 ikasleko muga jarri baitzen.

Zentroko arduradunek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, ate irekien jardunaldia 10:30ean hasiko da, Donostiako Teknologia Parkeko Juan Avelino Barriola pasealekuan, 101eko instalazioetan. Proiektua, graduaren ezaugarriak eta horri buruzko bideoa Alex Beitia zuzendari akademikoak aurkeztuko ditu zentroko auditoriumean. Aurkezpenaren eta publikoak egin ditzakeen galderen osten, Basque Culinary Centerren instalazioak bisitatuko dituzte. Jardunaldira joan nahi dutenek -doakoa izango da- 902 110 436 telefonora deitu eta izena eman beharko dute.

Espainiar sukaldari unibertsitarioen bigarren promozioa osatuko duten 100 plazetariko bat lortu nahi dutenek dagoeneko izena eman dezakete, Basque Culinary Centerren 902 540 866 telefonora deituta. Ondoren, aukeraketa-prozesua hasiko da, interesatuen gaitasunak eta espediente akademikoa baloratzeko. Horren ostean, aukeratuek behin betiko izena eman ahalko dute.

GRADUA

Mondragon Unibertsitatearen Gastronomia eta Sukaldaritza Arteen Gradua lau urteko iraupena duen titulazio ofiziala da. Gradua unibertsitate-sarbidea duten gazteei dago zuzenduta batez ere, eta Goi Irakaskuntzako Europar Eremura dago egokituta. Gainera, finantzatzeko hainbat aukera eskaintzen dira eta beka-sistema propioa du.

Hori dela eta, "Basque Culinary Centerren ikasi nahi duen eta aukeraketa-prozesua gainditu duen inor ez da kanpoan geratuko arrazoi ekonomikoengatik", azpimarratu du Joxe Mari Aizega zuzendariak.

Tituluak profil profesional kalifikatuak sortzeko beharrari erantzuten dio. Era berean, lanbidearen egungo erronkak hartzen ditu kontuan, ikaskuntzari ikuspegi zientifikoa eta teknikoa emanez, betiere diziplinarteko ezagutzen inguruan. Lau ezagutza-arlo handi ditu: sukaldeko eta jangelako sommeliertza-teknikak, negozioaren kudeaketa, zientzia eta teknologia, eta kultura eta artea. Gaztelaniaz eta ingelesez emango da.

Helburua profesionalak prestatzea da, sukaldaritzako enpresak, goi mailako sukaldaritza-prozesuak eta gastronomia-zerbitzuak diseinatu, abian jarri eta gainbegiratzeko, hala nola jatetxeak eta elikaduraren eta gastronomiaren sektoreko enpresak. Horretarako, ikasleek nazioarteko esperientzia duten irakasleak eta nazioarteko elikadura-enpresarik garrantzitsuenetako eta munduko jatetxerik onenetako profesionalak izango dituzte.

Prestakuntza amaitzen dutenean ikasleak produktu, zerbitzu eta negozio berriak proposatzeko eta garatzeko gai izatea nahi da, bai eta berrikuntza eta komunikazioa oinarritzat hartuta sukaldaritza eta gastronomia-alorrean aholkularitza emateko gai izatea ere.