Basque Culinary Centerrek Sukaldaritza, Teknika eta Produktu Masterra jarri du abian jardunean dauden sukaldarientzat

Master berria abian Basque Culinary Centerren
Basque Culinary Center
Actualizado: lunes, 26 diciembre 2011 13:46

DONOSTIA, 26 Dic. (EUROPA PRESS) -

Basque Culinary Centerrek jardunean dauden sukaldaritzako profesionalentzako masterra jarri du abian: Sukaldaritza, Teknika eta Produktu Masterra. Horrela, euren negozioetan aurrera egiteko gaitasun, trebetasun eta ikuspegi berriak eskuratu nahi dituzten sukaldari profesionalentzako prestakuntza espezifikoaren eskaintzari erantzun nahi zaio. Masterra esperientzia handiko profesionalentzat sortu da, sukaldaritza garaikideko joeretan trebatu eta eguneratzeko aukera izan dezaten.

Sukaldaritza, Teknika eta Produktu Masterra 2012ko otsailean hasi eta uztailaren bukaeran amaituko da. Mondragon Unibertsitatearen graduatu-ondoko titulu bat da, etengabeko prestakuntzaren eremuan kokatzen dena, Basque Culinary Centerreko iturriek jakinarazi dutenez.

Basque Culinary Centerren instalazioetan emango da masterra, Donostiako Teknologia Parkean, eta ikasleek sukaldaritza garaikideko joerak eta sukaldaritzaren eboluzioa ahalbidetu duten teknika tradizionalak sakon ezagutzea da helburua. Asmo horrekin, mundu osoko produktuekin lan egingo dute, egunean bost orduz (15:00etatik 20:00etara), asteko bost egunetan, eta metodologia praktiko eta berritzailea erabiliko dute.

Titulua sukaldaritzan aldez aurretik prestakuntza eta esperientzia dituzten profesionalentzat sortu da, horiek beren sukaldaritza-trebetasunak garatzen eta produktuei, sukaldaritza-teknikari eta sukaldaritza orokorrari buruzko ezagutzak eguneratzen eta sakontzen jarrai dezaten.

Masterrak 835 irakastordu izango ditu, horietatik %85 praktikoak, eta metodologia berritzaileak erabiliko ditu, irakaskuntza zorrotza, aktiboa eta osoa eskaintzeko asmoz. Masterra amaitutakoan, jatetxe ospetsuetan egin beharreko sei hilabeteko egonaldiekin osatu ahalko dute ikasleek. Jatetxe horiek hitzarmena sinatu dute Basque Culinary Centerrekin helburu horrekin eta, horien artean, Espainiako Michelin izardun jatetxerik garrantzitsuenak daude, hala nola Arzak, Akelarre, Mugaritz edo Azurmendi.

IKASKETA-PLANA ETA IRAKASLEAK

Masterra bost ardatzen inguruan egituratuta dago eta 22 aste iraungo du (35 ordu astean, haietatik 25 aurrez-aurrekoak). Hasieran, honako ikasgai hauek landuko dituzte ikasleek: sukaldaritzaren hastapena, bezeroaren gogobetetasuna, sukaldaritzaren historia eta eboluzioa, dastatzearen eta uztartzearen teoria, sukaldeko segurtasuna eta higienea eta hornitzaileen kudeaketa.

Ondoren, beste ikasgai hauetan sakonduko dute: produktu-sukaldaritza (tradizionala, modernoa eta globala), sormena eta berrikuntza sukaldaritzan, ikasteko esperientziak (txango gastronomikoak eta antzekoak barne hartuta), mintegiak eta master-bukaerako proiektua (20 plater diseinatu eta prestatzea).

Titulua osatzeko 12 bat produktu-modulu izango dira, hala nola haragia, barazkiak, arrautzak, itsaski eta arrainak, fruta, azukrea eta txokolatea, belar aromatikoak, saltsak, alkohola, eta sukaldaritza eta sormena sukaldaritzan.

Esperientzia luzea eta gaitasun pedagogiko handia duten irakasleak jardungo dute programan. Horietako batzuk Gastronomia Zientzien Fakultateko irakasleak dira eta beste batzuk tokian tokiko erreferentzia-jatetxeetan diharduten profesionalak.

Irakasle titularrak Angel Palacios eta Luis Arrufat izango dira. Lehena Martin Berasategui, El Bulli, Arola eta La Broche jatetxeetan jardun duen sukaldaria da eta bigarrenak ardura-postuak bete ditu El Bulli eta El Drolma jatetxeetan eta esperientzia luzea du Mugaritz, Arzak eta El Chaflan jatetxeetako sukaldean, besteak beste. Horrez gain, ikasleek gonbidatu berezi bat izango dute astero. Horien artean, Arzak, Subijana, Aduriz edo Atxa izango dira masterreko parte-hartzaileak.