Basque Industry 4.0 ekimena aurkeztu da Bartzelonako Berrikuntzaren Forumean

Aitor Cobanera Bartzelonako Berrikuntzaren Forumean
SPRI
Actualizado: jueves, 8 junio 2017 13:14

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzaren menpeko SPRI Taldeak Basque Industry 4.0 ekimena aurkeztu du ostegun honetan Bartzelonan, Sener enpresak antolatutako Berrikuntza Forumaren hirugarren edizioan. Aitor Cobanera SPRI Taldeko Berrikuntza eta Teknologiako zuzendariak digitalizazio transbertsalari buruzko mahai inguruan parte hartu du. Digitalizazio transbertsalaren ikuspegi desberdinak landu eta bere erronkak, mehatxuak eta aukerak aztertu dira bertan.

Cobanerak hizpide izan ditu Jaurlaritzak 4.0 industria bultzatzeko martxan jarri dituen proiektuak eta, hain zuzen, RIS3 Euskadi Europar Batasuneko programa aipatu du. Eskualde bakoitza jarduera industrialaren eremu zehatz batzuetan espezializatzea da programaren helburua, horrela lehiakortasuna hobetzeko. Euskadik fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak aukeratu ditu.

Halaber, SPRI Taldeko ordezkariak Digital Innovation Hub ekimena azaldu du. Ekimen horren helburua da enpresa industrialei, bereziki ETEei, behar dituzten gaitasun teknologikoak ematea 4.0 industriaren erronkei aurre egin diezaieten. Digitalki lotutako sare bat da eta bere baitan biltzen dira I+G arloko azpiegiturak, fabrika pilotuak eta fabrikazio aurreratuaren hainbat esparrutako ezagutza tekniko espezializatuak.

Sareak hainbat jabe ditu, besteak beste, I+G arloko eta Lanbide Heziketako zentroak eta unibertsitateak, eta eskualdeko erakunde publikoen laguntza jasotzen du. Digital Innovation Hub bereziki erabiliko da I+G arloko proiektuak garatzeko, proiektu industrialak eskalatzeko, abangoardiako teknologiak erakusteko eta start up enpresak trebatu eta azeleratzeko.

LAGUNTZA PROGRAMAK

Horrez gain, Cobanerak hizpide izan ditu Jaurlaritzak 4.0 industria bultzatzeko sortu dituen laguntza programak ere, hala nola Hazitek, Basque Industry 4.0 eta Industria Digitala. Orobat, Bind 4.0 programaz mintzatu da, bai eta 4.0 industriaren berri zabaltzeko antolatu diren ekitaldi garrantzitsuenez ere (Basque Industry 4.0, joan den azaroan Euskadin egin zena, eta Hannover Messe, Europako biltzar industrial garrantzitsuena, apirilean Alemanian egin zena).

Bartzelonako Berrikuntza Forumak esparru eta diziplina desberdinetako ehundik gora profesional biltzen ditu bi urtean behin, eta horien artean daude barneko zein kanpoko hizlari ospetsuak, Sener enpresako presidentea eta zuzendaritza karguak eta unibertsitate eta teknologia zentroak. Aurten, hiru bloke hauen inguruan egituratu da: digitalizazioa, milenialak eta I+G arloko jardunbide egokiak; garraioaren, energiaren eta espazioaren etorkizuna; etorkizuneko negozioak: ura, aktiboen kudeaketa eta Shipyard 4.0.