Basque Industry 4.0 estrategia Hannover Messe azokan egongo da

Actualizado: martes, 14 febrero 2017 15:02

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak abian jarritako Basque Industry 4.0 estrategia Hannover Messe industria arloko Europako azoka garrantzitsuenean egongo da, apirilaren 24tik 28ra bitartean.

Alexander Arriola SPRI Taldeko zuzendari nagusiak hiri alemaneko azokak astearte honetan Madrilen antolatu duen ekitaldi batean azaldu du nola egongo den presente euskal estrategia. Arriolarekin batera izan dira Marc Siemering Hannover Messe azokaren presidenteordea eta Christian Guarin azokaren salmenta eta marketin zuzendaria.

Hannover hiriko azoka urtero egiten da Alemanian duela 60 urtetik, eta puntako teknologia, material eta ideientzako merkatu garrantzitsuena da. Erakusketak zortzi azoka ezberdin biltzen ditu toki bakarrean, industria eta aplikazio esparru desberdinen arteko elkarreragina eta integrazioa ahalbidetuz. Prozesu industrialen automatizazioak, eraikinen produkzio eta automatizazioak, energia teknologien gama zabalak, software industrialak eta zerbitzuetarako softwareak osatzen dute azokaren eskaintza.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, euskal enpresak duela bi urte hasi ziren Hannoverrera joaten, batzuk bakarka eta beste batzuk klusterretan elkartuta, baina denak Bilboko Merkataritza Ganberaren eskutik. Hain zuzen, aurtengo edizioan 25 euskal enpresa izango dira Hannover hirian.

AURRERAPENAK AURKEZTU

Halaber, aurten, nobedade bezala, Euskadik europar foro garrantzitsua aprobetxatu nahi du ezagutzera emateko nolako aurrerapenak egin dituzten euskal enpresek, teknologia zentroek eta unibertsitateek 4.0 Industrian, Eusko Jaurlaritzaren eta SPRI Taldearen laguntzarekin, "eta dagoeneko Europako hainbat erakunderen laudorioak jaso dituen Basque Industry 4.0 estrategiaren barruan".

Hala, Basque Industry 4.0 estrategiak stand bat izango du Alemaniako azokan, Hannoverreko 8. pabilioian, eta Euskadiko kluster, unibertsitate nahiz teknologia zentroek hitzaldiak eskainiko dituzte bertan. Materialen erakusketaz gain, areto birtual bat ere jarriko dute martxan, Euskadiko industrian eta enpresetan dagoeneko aplikatzen diren teknologiak ezagutarazteko: Errealitate Handitua; Errealitate Birtuala; Gamifikazioa; Simulazioak; Iragarpen bidezko analisiak eta Iragarpen bidezko Mantenimendua; CPS; Neurketak eta Ikuskaritza; Big Data; Cloud Computing; Ziber-segurtasuna; Fabrikazio Gehigarria; Material eta Prozesu Aurreratuak; Labour & Man; Energia edota Ekonomia Zirkularra.

Gainera, apirilaren 25ean Invest in the Basque Country jardunaldi tematikoa egingo da 3. pabilioian, enpresa alemanek jakin dezaten nolako aukerak eskaintzen dizkien Euskadik bertako inbertitzaileei. Eusko Jaurlaritzako ordezkariez gain, enbaxadore lanetan arituko dira dagoeneko Euskadin inbertitu duten eta kokatuta dauden enpresari alemanak, eta modu objektiboan azalduko dituzte Euskadik negozioetarako eskaintzen dituen abantailak.