Bateginez GKEk "Ateak Zabalik" astea egingo du Durangon (Bizkaia)

Actualizado: lunes, 16 mayo 2011 15:22

BILBO, 16 May. (EUROPA PRESS) -

Bateginez gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) Durangoko (Bizkaia) elkarteen etorkizuna aztertuko duen mahai-ingurua eta Guatemalako emakumeei buruzko hitzaldia antolatu ditu aste osoan zehar ospatuko duen "Ateak Zabalik" ekimenean.

Horrela, elkarteko arduradunek jakinarazi dutenez, mahai-ingurua gaur arratsaldeko 19:30etan egingo da, Pinondo Etxean. Eztabaidarako proposamenak taldeak berak egin duen barne-azterketan du abiapuntua eta elkarteek gizartean duten eginkizuna zein euren oztopo eta aukerak gertutik ikusteko balio izango du. "Elkarte moduan ditugun kezka asko beste taldeek ere banatzen dituztela konturatu gara, horregatik topaketa hau", azaldu dute GKEko kideek.

Maiatzaren 20an, sendagilea eta antropologoa den Ana Mateo durangarrak Guatemalan emakumeak duen egoerari buruz hitz egingo du arratsaldeko 19:30etatik aurrera, berriro ere Pinondo Etxean. Ana Mateok emakumeen hilketez jardungo du, bai eta bertako emakumeei gogor erasaten dien indarkeri estrukturalari buruz ere.

Gainera, aste osoan zehar, Bateginez erakundearen bulegoa zabalik egongo da nahi duenak taldearen lana gertutik ezagutu nahi badu. Bisitarako ordutegia 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izango da. Era berean, Pinondo Etxeko eskaileretan Bateginezen lanari eta historiari buruzko erakusketa ikusgai izango da aste osoan zehar.