Batxilergoan eta Lanbide Heziketan euskarazko eredua aukeratzea sustatzeko kanpaina abiarazi da Bizkaian

Actualizado: miércoles, 27 febrero 2013 13:43

BILBO, 27 Feb. (EUROPA PRESS) -

Alkarbide Bizkaiko Euskara Zerbitzuen Bilguneak "Nahi dudalako!" kanpaina koordinatu du beste behin, 15 eta 16 urteko gazteei zein euren gurasoei zuzenduta. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 3. eta 4. mailetan ari diren gazteek hortik aurrerako ikasketetan ere euskarazko eredua aukeratzea eta horretarako behar duten informazio guztia ematea da kanpainaren helburua. Informazio hori www.nahidudalako.com webgunean dute ikusgai.

Bere arduradunek jakinarazi dutenez, Bizkaiko 18 udalek eta bi mankomunitatek parte hartuko dute: Abanto-Zierbena, Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Berriz, Bilbo, Elorrio, Enkarterriko Mankomunitatea, Erandio, Etxebarri, Gordexola, Laukiz, Maruri-Jatabe, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Sestao, Txorierriko Mankomunitatea eta Zierbena.

Kanpainaren ardatza www.nahidudalako.com webgunea da. Bertan, gazteek Batxilergoa zein Lanbide Heziketa euskaraz egiteko duten eskaintzaren berri zehatza jaso ahal izango dute. Aurten, gainera, unibertsitateko eskaintza zein den ikusteko aukera ere izango dute gazteek, eta euren zalantzen inguruan eztabaidatzeko Tuenti sare soziala ere erabilgarri izango dute.

Horrekin batera, DBH amaitu eta euskara ikasten jarraitu duten hainbat gazteren testigantzak ere jaso dira webgunean; haietan, gazteek zergatik ikasi duten euskaraz azaltzen dute. Horrez gain, webgunean sartu eta inkestan parte hartzen duten gazteek hainbat sari irabazteko aukera izango dute, hala nola tableta, Nintendo 3 DS eta multi-abentura egun pasa.

Webgunearekin batera, kanpainaren berri emateko diptikoa banatuko zaie kanpaina bultzatu duten udalerrietako gazteei eta gazteon gurasoek kanpainaren nondik norakoak azaltzen dituen gutuna jasoko dute etxean. Guztira, 5.300 eskuorri banatuko dira Bizkaiko 33 udalerritan.

Horrekin batera, gazteentzako hainbat hitzaldi ere antolatu dira, non euskaraz ikastearen garrantzia nabarmendu eta www.nahidudalako.com webgunean zer aurkituko duten azalduko zaien gazteei. Itxaso Paya izango da hizlaria, eremu eta familia ez euskaldunean bizi arren euskara lehen hizkuntzatzat duen gaztea.