Batxilergoko 15 ikaslek hiru asteko ingeles ikastaroa egingo dute Hegoafrikan

Actualizado: viernes, 22 marzo 2013 13:58

GASTEIZ, 22 Mar. (EUROPA PRESS) -

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburua buru zela egin da, Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitza nagusian, 2011-2012 ikasturteko Batxilergoko Aparteko Sariak banatzeko ekitaldia. Sariko probetan puntuaziorik onenak izan dituzten 15 gazteek jaso dituzte sariak, tartean hiru asteko ingeles ikastaroa egingo dute Hegoafrikan. Ikasle guztiak unibertsitateko lehen mailan daude orain ikasketak egiten.

Horrela, Eusko Jaurlaritzako iturriek adierazi dutenez, irabazleek, saridun direla egiaztatzen duen diploma jaso dute Cristina Uriarteren eskutik. Horrekin batera, Hegoafrikan hiru asteko ingeles ikastaroa eta egonaldia ere egokitu zaie gazteei, bai eta 935na euroko ordainsaria ere.

Halaber, sariak Bikaintasun Bekak eskuratzeko bidea ere erraztu die gazteei: sarituetako bakoitzak 0,5 puntu gehiago jaso ditu beka hori lortzeko, eta, hain zuzen ere, 15 sarituetatik 11k eskuratu dute diru-laguntza hori aurten.

Iazko ikasturtean Batxilergoa batez beste 8,75 puntutik gorako notarekin gainditu zuten 646 gazte aurkeztu ziren Batxilergoko Aparteko Sariketako azterketetara, eta horietan puntuaziorik altuena lortu zuten 15 ikasleek jaso dituzte gaur sariak. Azterketa horietan ikasgai komunei buruzko ariketak egin behar izan zituzten, bai eta norberaren batxilergo modalitateko ikasgaiei zegozkienak ere.

Sari-banaketa ekitaldian, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioko ikasleek osatutako soka boskoteak Haydn eta Elgar-en piezak jo ditu, eta ekitaldiaren argazki erreportajea egiteaz, berriz, Gasteizko Arte eta Diseinuko Goi mailako Eskolako ikasleak arduratu dira.

Batxilergoan ibilbide akademiko bikaina erakutsi duten ikasleei egindako ahalegina aitortzeko antolatzen ditu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak sari hauek. 2012-2013 ikasturteko sarietarako deialdia laster argitaratuko da.