Batxilergoko 50 ikaslek parte hartuko dute bihar Kimikako XXIII. Euskal Olinpiadan

Actualizado: viernes, 4 marzo 2011 14:46

BILBO, 4 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxeetan matrikulatutako Batxilergoko 50 ikaslek parte hartuko dute bihar Kimikako XXIII. Euskal Olinpiadan, goizeko 9:30etan hasita, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateko 0.9 gelan, Leioan (Bizkaia).

Kimikaren Espainiako Erre Elkarteak eta Euskal Herriko Kimikarien Elkarteak antolatu dute lehiaketa, eta Juan Manuel Gutierrez Zorrilla eta Juan Ramón González Velasco dira Euskal Olinpiadaren koordinatzaileak, EHUko iturriek jakinarazi dutenez.

Euskal olinpiadako lehenengo hiru ikasleek, apirilaren 29tik maiatzaren 1era Valentzian egingo den Espainiako fasean parte hartu ahal izango dute eta, arrakasta izanez gero, Turkian egingo den nazioarteko fasera eta Brasilen egingo den Iberoamerikako fasera igaroko dira.

Kimikako Euskal Olinpiadan parte hartuko duten ikasleek proba teoriko bat eta problemak ebazteko proba praktiko bat egin beharko dituzte. Saritutako Batxilergoko ikasleek eskudirua jasoko dute Espainiako Hezkuntza, Gizarte Politika eta Kirol Ministerioaren eskutik, eta erakunde antolatzaile eta laguntzaileek aintzatespen sariak eta plakak ere emango dizkiete bai ikasle irabazleei bai haien ikastetxe eta tutoreei.

Olinpiada EAEko Batxilergoko lehenengo eta bigarren mailako ikasleei zuzenduta dago. Ikasleak zientzia honen garapenean sustatzea eta inplikatzea da helburua, aldi berean, zientziak egun duen garrantzia nabarmenduz, eta aurrerapena eta dibulgazioa bultzatuz.

Helburu horiek biltzen dira 2011ko Kimikaren Nazioarteko Urtean, Marie Curie-ri Kimikako Nobel Saria eman ziotenaren mendeurrenaren haritik. Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleentzat, "egungo eta etorkizuneko erronka zientifikoei arrakastaz aurre egin ahal izateko, ezinbestekoa da ikasle belaunaldi berriek kimika eta, oro har, zientzia arloko prestakuntza ona izatea".