Batxilergoko ikasleak praktikak egiten ari dira EHUko Kimika Fakultateko laborategian

Batxilergoko ikasleak EHUko Kimika Fakultatean praktikak egiten
EHU
Actualizado: jueves, 3 marzo 2011 13:10

DONOSTIA, 3 Mar. (EUROPA PRESS) -

Batxilergoko bigarren mailako ikasleak praktikak egiten ari dira otsailaren 28tik martxoaren 11ra, goizez nahiz arratsaldez, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kimika Fakultateko laborategian, batxilergoko ikasleak unibertsitatera hurbiltzeko helburuarekin Eusko Jaurlaritzak eta EHUk sinatutako lankidetza-programari esker.

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, Gipuzkoako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 20 ikastetxetako 322 ikasle parte hartzen ari dira praktiketan, fakultateko 30 irakasleren ardurapean. 18 praktika-saio dira guztira, eta saio bakoitzak hiru esperimentu ditu.

Hala, ikastetxe bakoitzak hiru esperimentu praktiko aukeratu ditu eskaini zaizkion bost aukeretatik. Praktika batzuek zerikusia dute bigarren batxilergoko kimikako programarekin: oxidazio-erredukzio balorazio bat egitea, azido-base balorazio bat egitea (ozpin baten azidotasuna neurtzen dute), edo azido batek eta alkali batek erreakzionatzean askatzen duten beroa neurtzea. Beste era bateko praktikak ere egingo dira, hala nola aspirina sintetizatzea edo disoluzio batzuk aztertzea haien elementu kimikoak identifikatzeko.

Praktika-saioei buruzko iritzia "oso ona" izan da lehen hiru egunetan, horrela adierazi baitute ikasleek nahiz irakasleek praktiken amaieran bete dituzten inkestetan.