B.B. King, Chick Corea, John McLaughlin, Cyndi Lauper eta Jan Garbarek izango dira Donostiako 46. Heineken Jazzaldian

B.B. King
DONOSTIAKO HEINEKEN JAZZALDIA
Actualizado: miércoles, 30 marzo 2011 16:23

DONOSTIA, 30 Mar. (EUROPA PRESS) -

B.B. King, Chick Corea, John McLaughlin, Cyndi Lauper, Jan Garbarek eta Cassandra Wilson dira Donostiako 46. Heineken Jazzaldiak uztailaren 21etik 25era bitartean izango dituen izar nagusiak, besteak beste. Aurten, berrikuntza gisa, berriro ireki berri duten San Telmo Museora zabalduko da jazzaldi donostiarra.

Bere arduradunek egitarauaren aurkezpenean adierazi dutenez, "askotarikoa, desberdina, kalitatekoa, jazzeko izen mitikoak eta balio gazteak biltzen dituena" da aurtengo Heineken Jazzaldia. Horrela, Zurriolako Agertoki Berdea izango da indie panoramaren plataforma, eta ikuskizun handi batekin irekiko du Donostiako Jazzaldia uztailaren 21ean, B.B. King handiaren kontzertuarekin, hain zuzen ere.

Halaber, jazz eta musika afroamerikarreko lau emanaldi izango dira Trinitate Enparantzan. Kursaaleko Terrazetan eta Auditoriumean kolore eta neurri guztietako "kaleidoskopio musikala" eratuko da, mota guztietako ikusleentzat, eta "Nauticool" gozatzeko aukera izango da Nautikoko Terrazan.

Berrikuntza gisa, Heineken Jazzaldia San Telmo Museoko aretoetara sartuko da, hiru gautan. Programazio askotarikoa prestatu da, "kosmopolita, azken joerak dakartzana", eta aukera eskainiko du museoko aretoak eta erakusketak gauez ikusteko.

Jazzaldian izango diren artistei dagokienez, B.B. King-ekin batera, ortodoxoenen artean, europar jazzeko maisu eta mitoa den Toots Thielemans belgikarra, Dave Douglas, Enrico Rava eta Avishai Cohen, Abdullah Ibrahim-en Ekaya taldea, Medeski, Martin & Wood eta Soulbop (Randy Brecker eta Bill Evans) daude.

Halaber, John McLaughlin-ek bere azken proiektua aurkeztuko du, eta Charlie Haden-en Quartet West ere izango da Donostian. Cassandra Wilson-ek bere ahots bikaina eramango du Jazzaldira, eta Mavis Staples-ek gospela, bluesa eta soula batuko ditu.

CYNDI LAPUER ETA CHICK COREA

Cyndi Lauper, bere blues zintzo eta sentituarekin, Heineken Jazzaldiko izen erakargarrienetako bat da. Chick Corea, Stanley Clarke eta Lenny White hirukoteak "Return To Forever" aurkeztuko dute, Jean-Luc Ponty biolin-jotzailearen eta Frank Gambale gitarristaren laguntzarekin.

Hiromi teklatu-jotzaile japoniarra power-trio batekin agertuko da Donostian, eta Jan Garbarek eta The Hilliard Ensemble-k egungo musikaren panoraman aurki daitekeen klase, orijinaltasun eta dotoretasun handieneko proposamena eskainiko dute San Telmo elizan. John Scofield laukote batekin izango da Donostian, eta Lloyd Cole Small Ensemble-rekin.

Horiekin guztiekin batera, Staff Benda Bilili, Jan Bang, Sidsel Endresen, Arve Henriksen, Lars Danielsson, Erik Honore, Eivind Aarset, Kristin Asbjornsen, Jon Hassell, Horacio Fumero, Jordi Rossy, Ignasi Terraza, Biel Ballester, Odezenne, United Fools, Bertrand Noël, Avishai Cohen, Wiesbadener Juristenband, Ellington Band eta Rene Marie ariko dira, Donostiako 46. Heineken Jazzaldian.

Sarrerak Kutxaren bidez jarriko dira salgai, ostiral honetan, goizeko 11:30etan. Antolatzaileek laster jakinaraziko dituzte berrikuntza gehiago, adibidez, Agertoki Berdeko programazioa, aurrez aipatu bezala, aurten indie musikari eskainia. Gainera, Victoria Eugenia Antzokian "Kontzertu Sekretuak" emango dira.