BBK-k 55 urtetik gorako bezeroentzat antolatzen dituen jardueretan izena emateko epea zabalik da

Actualizado: lunes, 26 septiembre 2011 18:31

BILBO, 26 Sep. (EUROPA PRESS) -

Ikasturtearen hasierarekin batera, BBK-k 55 urtetik gorako bezeroentzako jarduera ugari eskainiko ditu aurten ere eta jada ireki du haietan izena emateko epea. Bizkaiko herrietako talde eta elkarteek antolatzen dituzten jarduera ezagun ugariez gain, BBKren Gizarte Ekintzak hainbat ekimen dinamiko eta kultural prestatu ditu, hala nola hizkuntza edo teknologia berrien inguruko ikastaroak, ziklo kulturalak, osasunaren eta ongizatearen inguruko ikastaroak, egun bateko irteerak, txangoak, bisita gidatuak museoetara edo musika jardunaldiak.

BBK-ko iturriek adierazi dutenez, aurten, aurreko urteetan arrakasta handia izan duten zenbait jarduera berriro egingo dira, besteak beste, gastronomia eta ardo-dastatze ikastaroak, Bartzelonara edo Avilara txangoak, Bilbon bizikletaz ibiltzeko zirkuituak edo Maltan turismoa eta ingeles ikastaroak uztartzen dituen proposamena, laudorio ugari jaso dituena. "Azken finean, proposamen ugari jasotzen dituen eta bizitza aktiboa, ikaskuntza eta dibertsioa bateratzeko aukera eskaintzen duen programa izango da", azaldu dute.

BBK-k nagusientzat prestatu duen jardueren programari buruzko xehetasun gehiago jaso nahi duten pertsonek hurbilen daukaten bulegora hurbildu eta katalogo osoa eskuratu dezakete. 55 urtetik gorako BBK-ko bezeroek bulegoan bertan eman ahal izango dute izena, ikastaro eta jarduerak urriaren 10ean jarriko baitira abian. Urria eta 2012ko maiatza bitartean egiten diren ikastaroak azaroan ordainduko dira. Bezeroa BBK txartel baten titularra bada (Adineko txartela izan ezik) edo bere nomina edo pentsioa BBKn helbideratuta badauka, deskontu garrantzitsuak eskuratu ahal izango ditu.