BBK-k eta Deustuko Unibertsitateak 550.000 euro banatuko dituzte gazte langabeentzako laguntzetan

Fernandez eta Oraa hitzarmena sinatzen
Foto: DEUSTUKO UNIBERTSITATEA/BBK
Actualizado: lunes, 27 febrero 2012 17:45

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

   Deustuko Unibertsitateko errektore Jaime Oraak eta BBK-ko presidente Mario Fernandezek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute eta, horren bidez, langabezian dauden gazteei zuzenduriko beka eta laguntzen programa jarri da martxan. Programa 550.000 euro baino gehiagokoa da, eta horrela, bi erakundeek irtenbideak eman nahi dituzte "enplegurik ez duten baina potentzial akademikoa duten gazteek finantza beka eta laguntzak eskuratu ahal izateko, talentu ekintzailearen prestakuntzan eragin ahal izateko, ekonomia indartzeko ezinbestekoa baita".

   Beken arloan, BBK-k 300.000 euro emango ditu, BBK-DU Beken programa finantzatzeko, eta horren onuradun izango dira Deustuko Unibertsitatean lehenengoz hasten diren graduko ikasleak. Gainera, BBK-k beste 250.000 eurorekin hornituko du Deusto Business School-eko Talent Placement Programme BBK-DBSn onartutako ikasleentzako laguntzen ildoa. Programa honek lanbidean talentua eta esperientzia duten eta, aldi berean, aldi baterako langabezian dauden pertsonei eskaintzen die laguntza. Horrela, izen handiko Negozio Eskolako ikastaroetako batean parte hartuz, beste etorkizun eta aukera profesional batzuk eskainiko zaizkie, etorkizun hurbilean.

   Bi erakundeotako arduradunen arabera, lankidetza berri hau, 2008. urtean sinatutako hitzarmenean ezarritako beste ekintza batzuekin batera, "ekimen egokia eta zehatza da, erakunde, enpresa eta unibertsitateen arteko lankidetzak behar dituen testuingururako, hezkuntza, ekonomia eta gizartearen garapenerako formulak bilatzeko".

   BBK-k "ahalegin handia" egiten du prestakuntzarako beka eta laguntzen programak diseinatzen, enplegu gabeko gazteei laneratzeko erraztasunak emateko. Hori dela eta, erakunde, enpresa eta unibertsitateekin hezkuntza-garapeneko formulak bilatzen laguntzen du.

   Deustuko Unibertsitatearekin historian zehar mantentzen duen lankidetzan, BBK-k, urtean, 90 beka eskaintzen ditu, Deustuko Unibertsitatean titulua eskuratu berri duten gazteek hiru hileko praktikak egin ahal izateko enpresetan. Programa honi Unibertsitate honen lankidetzarekin garatzen diren EKHI (EBren Leonardo programa) programako hogei bat beka gehitzen zaizkio, bai eta unibertsitate-masterrak egiteko 17 beka -enplegagarritasun aukera onekin- eta 100 Erasmus beka baino gehiago ere.

   Era berean, Deustuk eta BBK-k ikasleak laneratzeko duten interes partekatua kontuan izanik, bi erakundeek adostu dute enpresa-jarduera bati ekin nahi diotenei edo lan-merkatura sartu nahi dutenei laguntza sendotzea. Horrela, BBK-k DeustuLan Laneratzeko Zentro Integralaren egituraren zati bat finantzatzen du, eta finantziazio berezia egiten du ekintzaileentzat; hori guztia, "laneratzeari arrakastarako aukera gehiagoz eta publikoa, doakoa eta kalitatezkoa den zerbitzuaren filosofiaz erantzun ahal izateko".

   Gainera, indarrean dagoen hitzarmenak, besteak beste, finantzako zerbitzu eta produktu berezien eskaintza zabalaz gozatu ahal izatea aurreikusten du, baldintza berezietan unibertsitateko elkarteko kideentzat. Halaber, Deustuko Unibertsitateko ikasketetarako kreditu kontua edo Unibertsitateko kultura, kirol eta ikasketen jardueren babesa aurreikusten du.