BBK Fundazioak milioi bat euro inguru banatuko du gizarte eta kultur ekimenetarako laguntzetan

BBKren gizarte eta kultur ekimenetarako laguntzak
BBK
Actualizado: jueves, 8 junio 2017 14:01

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

BBK Fundazioak gizarte eta kultur ekimenak martxan jartzen eta garatzen laguntzeko programaren beste edizio bat antolatu du, irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuek abiarazitako proiektuei zuzenduta, eta milioi bat euro inguru inbertituko du. Bizkaian ekonomiaren eta gizartearen garapena sustatzen duten gizarte erakundeen lana bultzatzea da programaren helburu nagusia.

BBKren Plan Estrategikoan zehazturiko lehentasunezko ekintza arloetara mugatu behar dute proiektuek, hau da, kultura; euskararen garapena; mendekotasuna dutenei, ezinduei eta gaixoei laguntzea; helduaro aktiboa; elkartasuna; genero berdintasuna; gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan daudenak gizarteratzea eta lan munduan sartzea, eta hezkuntza.

Laguntzen programaren aurkezpenean azaldu dutenez, deialdira aurkezten diren "proiektuen izaera berritzaileari emango zaien garrantzia" da deialdi berriaren ezaugarri nagusietako bat. Horrela, BBK-k "arreta berezia" jarriko die bizkaitarren gizarte eta kultur premia nagusiei erantzuteko konponbide berriak ematen dituzten ekimenei.

Hautaturiko proiektuak Bizkaian garatu behar dira, gehienez ere 24 hilabeteko epean, eta beranduenez 2018ko abenduaren 31an amaitu beharko dira. Eremuari dagokionez, lurraldez gaindiko eremua duten proiektuek Bizkaiari eta biztanleriari dagokion zatiagatik jasoko dute diru laguntza. Diru laguntza eskatzeko epea zabalik dago eta uztailaren 7ra arte luzatuko da.

Programa 2001ean sortu zen irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuen ekintzak laguntzeko helburuarekin, eta BBK-k sortu zenetik gizarte eta kultur arloan garatu dituen ekintza programan kokatzen da. Proiektuen eraginkortasuna bultzatzeko eta horien eragina hobetzeko, BBK-k hirugarren sektorea indartzearen aldeko apustua egin du.