BBK Jazz II. Erakusketak euskal jazz musikarien saioak eskainiko ditu Bilbon urrian zehar

Bilbon bizi den Olejniczack artista poloniarra ariko da BBK Jazz Erakusketan
PIOTR KLOSEK/BBK
Actualizado: martes, 4 octubre 2011 18:44

BILBO, 4 Oct. (EUROPA PRESS) -

BBK Jazz Erakusketaren bigarren edizioa egingo da Bilboko BBK aretoan urriaren 7, 8, 14 eta 15ean, "euskal jazz musikari ugari eta kalitate handikoak izateak daukan balioa aitortzeko helburuarekin", BBK-ko iturriek prentsa ohar batean adierazi dutenez.

Ekimen honekin hitzordu berria du BBK Aretoak, talentu berriak lagundu eta bultzatzeko. Horretarako, programazio oparoa prestatu da, Andrzej Olejniczack 4tet, Mikel Andueza 4tet, Jon Urrutia 5tet edo Pablo Martin Quintet taldeekin, besteak beste.

The Hot Wok talde gasteiztarrak hasiko du erakusketa, urriaren 7an, 20:00etatik aurrera. New Orleanseko elektro-funky nahasketarekin, tuba, saxofoi edo tronboia bezalako musika-tresna tradizionalak erabiltzen dituzte, baina soinu berritzailea lortuz.

Egun horretan bertan, 22:00etatik aurrera, Andrzej Olejniczack-ek eguneko bigarren kontzertua eskainiko du. Bilbon bizi den artista poloniarra Musikeneko eta Bilbo eta Leioako musika-eskoletako irakaslea izan da. Olejniczack-en laukoteak hainbat estilo nahasten ditu, tartean hard-bop garaikidea eta Polonia edo Andaluziako folklorea.

Jaialdiaren bigarren egunean, urriaren 8an, euskal musikak daukan beste artista garrantzitsu bat ikusteko aukera izango da. Gonzalo Tejedaren ibilbidea ezin oparoagoa da: hainbat sari eskuratu ditu, makina bat jaialditan aritu da, hamaika proiektu jarri ditu martxan banaka zein taldeka, bera buru duten sei disko kaleratu ditu, hainbat lan grabatu ditu eta irakasle gisa lan eskerga egin du. Oraingoan, kontrabaxu-jotzaile donostiarrak bere Special Trio ezaguna aurkeztuko du, Chet Baker-i eskainitako omenaldi bereziarekin.

Gauean, berriz, saxoaren soinuaren txanda izango da, Euskal Herriak daukan aditu handienetako batekin: Mikel Andueza nafarra. Musikari eklektiko honek 30 disko baino gehiago argitaratu ditu, eta musika klasikoko taldeekin, orkestrekin edo jazz bandekin aritu da. Hori gutxi balitz, irakasle aritu da Bartzelona, Madril eta Iruñean, eta gaur egun ere hala ari da Donostiako Musikenen.

URRIAK 14 ETA 15

Jaialdiaren bigarren asteburua urriaren 14an hasiko da, Jeronimo Martinen musikarekin. Bilboko piano-jotzaile eta musikagileak askotariko estiloak jorratu ditu, harik eta musikaren bide berrien bila abiatu zen arte. Osatu duen seikotea da bilaketa horren emaitzarik sortzaileena. Musika-arloan, jazzean zein beste genero batzuetan, prestakuntza handia daukaten musikariek osatzen dute taldea.

Martinen ondoren, Jon Urrutia izango da protagonista. Hainbat herrialdetan ikasi ondoren, eskola ugaritako irakasle izan da (Getxo, Iruñea, Bilbo, Donostia eta abar). Urrutiak bere nazioarteko boskote multikulturala eta "Carvahlo's Castle" bere azken diskoa aurkeztuko ditu. New Yorken grabatutako lana da, eta gaur egungo jazza eta Europako eta Amerikako harmoniak nahastuta entzun daitezke.

Urriaren 15ean, Miguel Fernandez eta Pablo Martin izango dira BBK Aretoan, jaialdiari merezi duen amaiera emateko. Lehenengoa MUT Trío izeneko hirukotearen burua da. Prestakuntza handia jaso eta esperientzia asko bildu ondoren, artista nafarrak 2009an sortu zuen taldea, bat-bateko hainbat saioren ondoren. MUTek musika freskoa egiten du, eta literatur testuak erabiltzen ditu hainbat kantu harilkatzeko.

Ondoren, gaueko 22:00etan, Pablo Martin kontrabaxu-jotzaileak bere boskotearekin joko du. Prestakuntza klasikoa jaso eta soinu-bandak sortzen ibili ondoren, Martinek bere boskoteko kideak elkartu zituen, bere bizipenak islatu eta bere abesti propioak sortu ahal izateko.

Programazio honetaz gain, urriaren 15ean, BBK Jazz sariak banatuko dira, gaueko 22:00etan, bi emanaldien artean. Epaimahai independente batek erabakiko ditu musika-kalitatea saritzea helburu duten sari hauek. 2.000 eta 3.000 euro arteko sariak banatuko dira ondoko kategorietan: Instrumentista onena, 2010eko proiekturik onena, Bultzada saria eta Epaimahaiaren sari berezia.