BBK Taldeak 62,3 milioiko irabazia lortu du eta CajaSur-en ekarpena "positiboa" izan da

Mario Fernandez da BBK-ko presidentea
BBK
Actualizado: jueves, 12 mayo 2011 15:29

BILBO, 12 May. (EUROPA PRESS) -

BBK Taldeak 62,3 milioi euroko irabazi bateratua lortu du 2011ko lehen hiru hilabeteetan, hots, iazko aldi berean baino %2,6 gehiago. Erakundeko arduradunen arabera, irabazi hauek taldearen sendotasun finantzarioa ziurtatzen dute, bai eta emaitzak sortzeko duen egonkortasuna ere.

Emaitzetan, bere jardueraren lehen hiruhilekotik, Cajasur-en "ekarpen positiboa" nabarmendu da (1,5 milioi). Irabaziak Kordobako erakundea kenduta aztertzen badira, BBK-k 60,8 milioi euroko mozkina izan du, ia errepikatuz 2010eko aldi bereko irabaziak, hau da, %0,2ko igoera txikia izan du.

Cajasur-en sarreratik hiru hilabete pasa direnean, BBK Taldearen sendotasuna bere kaudimen ratioek mantentzen duten lidergo kokapenean ere islatzen da eta sektorearen aitzinean jarraitzen dute, %10,4ko Core Capitala dute eta %13,1eraino hazi den "Kapital Nagusia"; beraz, Gobernuak ezarritako eskakizun zorrotzenak baino hiru puntu altuagoa.

BBK Taldearen berankortasun indizeak sektorearen batez bestekoak baino portaera hobea erakutsi du sistemako berankortasunak igoera etengabea izan duen hiruhileko honetan, Taldearen batez bestekoa kontrako norabidean jaitsi baita, eta %8,98an kokatu da, 2011ko urtarrilaren 1ean zuen %9,03aren aldean eta maila maximoak mantentzen ditu arriskuak identifikatu, azaleratu eta hornitzeko unean. BBKren berankortasun indibiduala aurrezki-kutxa eta bankuen arteko baxuenetakoa da, ezohiko %2,62koa baitu.

CajaSur-en sarrera eta interes-tasen igoera interes marjinaren portaera erlatibo hobean islatzen ari da. Marjina honek, batez ere aseguruetatik eta inbertsio-funtsetatik eratorritako zerbitzuengatiko diru-sarreren igoerak bultzatuta, BBK Taldearen bezeroen marjina 185,9 milioi euroraino igo du. Urteko lehen hilabeteen BBKren bezeroen marjinak izan duen portaera positiboa ere nabarmendu da, 2010eko lehen hiruhilekoaren aldean %4,3 jaitsi bada ere, %6ko igoera izan du abendutik, eta honek zera erakutsi du, balantzea ondo kokatuta dagoela interes-tasen igoeraren aurrean.

BBK Taldearen marjina gordina ia aldaketarik gabe mantendu da 223,3 milioitan CajaSur-en ekarpenarengatik, aldi honetan gertatu arren bigarren hiruhilekoan kontabilizatuko diren partaidetuen zorroaren dibidenduen jaitsiera esanguratsua konpentsatu egin baitu.

Gastuen kudeaketan ohikoak izan diren zuhurtzia eta zorroztasun irizpideak, 2010ekoen ia berdinak izan diren emaitzetan islatu dira, berriz ere, BBKren kasuan, eta gastuari eusteko BBKren kultura finkatzen ari da CajaSur-en ere. Honela, gastuek %5eko jaitsiera nabarmena izan dute, 2010eko aldi bereko erakunde bien gastuen baturaren aldean.

Berankortasunari dagokion bilakaera positiboak, joan den ekitaldian egindako hornidura maila altuekin batera, zuzkidura eskakizunak murriztu dituzte. Hornidura estandarrek berezko galeraren %125eko legezko maximoan mantentdu dute estaldura generikoa.

NEGOZIO BOLUMENA

BBK Taldearen negozio bolumena 71.590 milioi eurotan dago kokatuta, bezeroen baliabideak 38.790 milioi eurokoak dira eta kreditu-inbertsioa 32.799 milioikoa.

BBKren negozio sareek -CajaSur barik- portaera positiboa erakutsi dute eta %1,3 hazi dira, %2,4 xehekako sarearen kasuan eta konpentsatu egin dute, neurri batean, handizkako merkatuaren jarduera eskasagoa. Horrela, negozio bolumena 47.048 milioi eurora heldu da eta aurreikuspenak hobetu egin ditu.

BBKren kreditu-inbertsioa %0,4 hazi da, eta beraz, 21.919 milioi eurokoa da orain. Inbertsioa %0,9 hazi da negozio sareetan, %3,3 nabarmena xehekako sarean, etxebizitza erosteko maileguen hazkundeak bultzatuta. Hipoteka-maileguen saldoen %4ko igoerak BBK-k merkatu honetan duen lidergoa sendotzen du, batez ere Bizkaian, %40tik gertu dagoen kontratazio-kuota mantentzen baitu.

Bezeroen baliabideei dagokienez, negozio sareek %1,7ko igoera izan bazuten ere, BBKren guztirako baliabideek handizkako merkatuaren eta kapitalen merkatuaren bilakaeraren eragina izan dute, eta 25.128 milioi eurotan kokatu dira.

Bestalde, CajaSur-en negozio bolumenaren bilakaera partikularren eta enpresen negozio errepikakorrean zentratzeko markatutako estrategiari jarraitzen zaio, handizkako finantzaketaren aktiboak eta pasiboak murriztuz.

BBKren gizarte ekintzak 73 milioi euroko aurrekontu soziala du 2011n, aurrezki-kutxa sistema osoaren bigarren altuena, eta emaitza indibidualen %30 Gizarte Ekintzara bideratzen dituen bakarrenetakoa da BBK.

LANGABEZIA

Langabeziaren arazo larriari erantzuteko, batez ere 35 urtetik beherako biztanleen artean, BBK "ahalegin berezia" egiten ari da beka-programak indartzeko. Programa honek gazteek lan-arloarekin euren lehenengo hartu-emana izan dezatela ahalbidetzen du. 2011ko lehenengo hiruhilekoan 400 gazte langabetu baliatu dira beka hauetaz, eta ekitaldiaren amaieran kopuru hau 1.000 plazatik gorakoa izatea espero da.

Halaber, BBK Gazte Lanbidean eta BBK Solidarioa fundazioek 8,8 milioi euroko finantzaketa bideratu dute, eta horrela %10 inguru hazi da 2010ekoaren aldean. Finantzaketa honek, gizarte-erakundeen eta gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonen eta familien beharrizanei erantzuteaz gain, ia 50 lanpostu berri inguru sortzea ahalbidetu du, aldi honetan eratu diren autoenplegu eta laneratze 32 proiektu berriri esker. Aurrezki solidarioa, gizarte banka arloko gure jardueraren lerro erreferenteetariko beste bat, 27,5 milioi eurotan dago orain.

Hiruhilekoan zehar, Gizarte Proiektuak Laguntzeko Programaren hamargarren edizioa deitu da. 2011n, 6,8 milioi euro banatuko ditu programa honek gizarte sareko erakundeen artean, krisialdi testuinguru honetan dauden beharrizan sozial handiagoei erantzuna emateko. Urte amaieran, 57,5 milioi euroko balioa duten diru-laguntza zuzenak izango ditu banatuta hamarkada batean programa honek eta gizarte erakundeek 3.000 gizarte proiektu inguru abiaraziko dituzte laguntza huen bidez.

KULTURA ETA EUSKARA

Kulturari dagokionez, eta bereziki euskararen sustapenaren eremuan, joan den martxoan 175.000 euroko lankidetza hitzarmena sinatu zuen Euskaltzaindiarekin. Laguntza honen bidez, ikerketa linguistikoen arloko I+G+b hainbat programa garatuko ditu Euskaltzaindiak. Hitzarmena erakunde biek duela mende erdi luze duten lankidetza iraunkorraren haritik sortu da.

Era berean, duen eragin sozialagatik, Bilboko Arte Eder Museoko BBK Aretoan dagoen emakumearen Erdi Aroko irudien erakusketa nabarmentzen da eta, bereziki, Picassoren grabatuen erakusketa BBK Aretoan, Malagako pintorearen beste alderdi sortzaile batzuk deskubritzeko aukera eman duena.

Musika-jarduerei dagokienez, "Music Legends" zikloa, BBk Aretoko eszenatokira bizirik dauden munduko rockaren mito esanguratsuenetako batzuen proiektu pertsonalak dakartzana, publikoaren aldetik "arrakasta handia" izaten ari da. Hain arrakastatsua izan denez, dagoeneko salduta daude programatutako kontzertuetarako salgai egon diren sarrera guztiak.

Lurraldearen garapenari dagokionez, hiruhileko honetan esanguratsuak izan diren beste jarduera bi aipatuko ditu BBK Taldeak. Lehenengoa Urdaibai Bird Center-aren inaugurazioa izan da; zentro hau Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean garatu da eta txorien behaketaren bidez klima aldaketa aztertzea ahalbidetuko du. Bigarrena, babes ofizialeko 40 etxebizitzaren erosketa izan da; erosi ostean Bilboko udalari laga zaizkio etxe hauek, gizarte alokairu erregimenean kudea ditzan.