BBK Timelapse lehiaketara lanak aurkezteko urriaren 7a arte egongo da zabalik

Actualizado: miércoles, 15 junio 2011 19:23

BILBO, 15 Jun. (EUROPA PRESS) -

BBK Timelapse lehiaketara lanak aurkeztu nahi dituzten guztiek urriaren 7a arte izango dute aukera. Parte hartzen duten sekuentzia guztiak Youtube-n zabaldu den www.bbktimelapse.es webgunean ikusi ahal izango dira, bertara igo beharko baitira. Gehien ikusten den "timelapse"-ak ikusleen sari nagusia jasoko du, hots, 3.000 euroko saria, BBK-ko iturriek jakinarazi dutenez.

Pertsona bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu maila bakoitzean, hau da, "Bizkaiko paisaiak" eta "Gai librea" mailetan. Horrez gain, beste maila bat zabalduko da 30 urtetik beherakoentzat, "Gazte Lapse" izenburuarekin. Sekuentzia onenak epaimahai batek aukeratuko ditu, eta 2.000 euroko lehen saria jasoko dute, eta 1.500 euro bigarren sailkatuek.

Sari banaketa BBK Aretoan egingo da, azaroan, lanik aipagarrienak ikusi ahal izango diren festa-ekitaldi batean. Lehiaketaren oinarri eta baldintza guztiak www.bbktimelapse.es web-orrian ikus daitezke.

"Timelapse" delakoa bideo sekuentzia batean elkartzen diren argazkiz osatzen da, eta ohikoa baino azkarragoa den abiaduran gertakariak bata bestearen atzetik ikusteko aukera ematen du. BBK-k irudiaren teknologia berriek esperimentaziorako eskaintzen dituzten aukera anitzak suspertzeko antolatu du lehiaketa, gaur egun teknologiok edonorren eskuetan baitaude.

Lehiaketa antolatzearekin batera, BBK Fundazioak bideoa eta argazkigintza atsegin dituztenei bereziki zuzendutako ikastaroak antolatu ditu, "timelapse"-aren teknika berrienak ikasi edo zuten ezagutza-maila hobetzeko. Ikastaroek izandako arrakastaren ondoren, Luis Caldevillak eta Nilo Merinok eskainitako maisu-saioen 12 bideo tutorial eskegi dira www.bbktimelapse.es web-orrian. Egun mundu mailan dauden espezialista aipagarrienetakoak dira aipatutako biok.