BBKren haur eskoletan izena emateko epea otsailaren 28ra arte zabalik dago

Actualizado: jueves, 2 febrero 2017 14:34

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

BBKren 2017-2018 ikasturteko haur eskoletan izena emateko epea ostegun honetatik otsailaren 28ra arte zabalik izango da. Lana eta familia bizitza bateragarri egiteko helburua dute haur eskolek, eta, ia 40 urteko ibilbide pedagogikoarekin, prest daude 0-2 urteko neska-mutikoak ikasgeletan hartzeko.

BBK-k prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, www.bbk.eus webgunean eskura daitekeen formularioaren bidez bakarrik egin ahal izango da plazen eskaera. Bilbon, Barakaldon eta Getxon dauden lau zentroetan banatuko dira plazak.

1970eko hamarkadan sortuak, BBKren haur eskolak "hezkuntza eta pedagogia baliabide garrantzitsua dira", Bizkaian erroturiko tradizioa dutenak, eta lurralde historikoan dagoen eskaintza publiko eta pribatua osatzen dutenak.

Zentroek beharrezko ekipamendu guztiak dituzte eskolan lehen urratsak egiten dituzten jaioberriei kalitatezko arreta elebiduna eskaintzeko. Urte osoan zabalik egoten dira irailetik uztailera, goizeko 07:30etik arratsaldeko 18:00etara.

Kuotak familia unitatearen diru sarreren arabera ezartzen dira. Horrela, 0 eta 40.000 euro arteko diru sarrerekin, kuota 227 euro da, eta 40.000 euro baino gehiagoko diru sarrerekin, 282 euro.

"BBK aitzindaria izan zen hezkuntza zerbitzu hau sortzen, eta sorreratik bere gizarte ekintzaren funtsezko zutabeetako bat bihurtu da", azpimarratu du.