Bederatzi finantza erakunde batu dira Gipuzkoako Aldundiaren eta Elkargiren ETEak finantzatzeko akordiora

Actualizado: martes, 24 enero 2017 14:16

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

Bederatzi finantza erakundek bat egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elkargi elkarrekiko bermerako sozietateak enpresa txiki eta ertainak (ETE) finantzatzeko abian jarri duten finantzaketa tresnara. Foru erakundeak eta Elkargik joan den uztailean sortu zuten tresna hori lurraldeko ETEek inbertsioetarako finantzaketa eskura zezaten.

Orain, Gipuzkoan aritzen diren finantza erakunde nagusienak akordiora gehitu dira jarduketa protokolo bat sinatu ondoren. Hain zuzen, Bankinter, Bankoa, BBVA, Caixabank, Kutxabank, Laboral Kutxa, Rural Kutxa, Sabadell eta Santander dira aipaturiko finantza erakundeak.

Finantzaketa tresna bideratuta dago Gipuzkoako ekonomia ehunerako garrantzi izugarria duten esparruekin lotutako proiektuak finantzatzera, hau da, berrindustrializazioa eta enpresa eraldaketa, nazioartekotzea, langileen partaidetza eta enpresa proiektu berrien sustapena finantzatzera. Lankidetza horri esker, lurraldeko ETEei aukera emango zaie lau esparru horietan kreditua eskuratzeko, guztiak "lehentasunezkotzat" jotzen baitira Gipuzkoako ekonomia sustatzeko.

Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako foru diputatuak adierazi du aktibatu den finantzaketa tresna berriak administrazio publikoaren ohiko tresnak osatu eta sendotuko dituela.

"Gure asmoa da ahalik eta etekin handiena ateratzea Aldundiaren baliabideei, bai aurrekontuaren bai gizarte baliabideen ikuspegitik. Tresna horren bidez osatu egin nahi da ekonomia sustapenaren eta fiskalitatearen alorretatik ekonomia esparruan egiten ari den lana eta efektu biderkatzailea sortu nahi da", azaldu du.

Ildo horretan, aurreikuspenen arabera, Gipuzkoako Aldundiaren eta Elkargiren finantzaketa lerroak 130 eta 150 milio euro arteko inbertsioa aktiba dezake lurraldeko enpresetan. 2016an, adibidez, 168 enpresa proiektu lagundu ziren guztira eta, tresna horri esker, euren inbertsioen finantzaketa handitzeko aukera izan dezakete.

Zehazkiago, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Sailak diru laguntzak eman zituen, hainbat deialdiren bitartez, 104 enpresen nazioarteko jarduerak finantzatzeko, 12 start up plazaratzeko eta enpresen partaidetza sustatzera bideratutako 52 jarduketa gauzatzeko.