Beherapenen IV. Azoka ospatuko da asteburuan Sodupeko (Bizkaia) Herriko plazan

Azokaren iazko irudi bat
GUEÑESKO MERKATARIEN ETA OSTALARIEN ELKARTEA
Actualizado: viernes, 11 febrero 2011 12:31

BILBO, 11 Feb. (EUROPA PRESS) -

Gueñesko (Bizkaia) Merkatarien eta Ostalarien Elkarteak Beherapenen IV. Azoka egingo dute asteburu honetan Sodupeko Herriko plazan jarriko den karpa erraldoian. Gueñesko Udalak lagunduko die azoka antolatzen. Laugarren urtez jarraian antolatuko den ekimen honetan Enkarterriko kontzejuko 19 merkatarik hartuko dute parte.

Horrela, bihar, Beherapenen IV. Azoka goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte egongo da zabalik, eta ez da atsedenaldirik egingo. Igandean, berriz, 10:00etatik 14:00etara irekiko da, antolatzaileek adierazi dutenez.

Bi egunetan, merkatariek beste denboraldi batzuetako generoa merkeago aurkeztuko dute, baina beste batzuek euren saltokiak ezagutzera emateko ere aprobetxatuko dute ekimena. "Herrian jende berri asko dago eta ez du ezagutzen gure merkataritzaren eskaintza zabala", adierazi dute Gueñeseko Merkatarien eta Ostalarien Elkartetik.

Horrela, pagotxak egongo dira beherapenen azoketan ohikoak diren sektoreetan, hala nola lurringintzan, modan, oinetako eta osagarrietan, lentzerian, kosmetikoetan, umeentzako jolasetan eta oparietan.

Dena den, postu berritzaileagoak ere egongo dira, besteak beste, okindegietako, ile-apaindegietako, estetika zentroetako, loradendetako, belar-dendetako, gozoki-dendetako, optikako, argazki-dendetako, eta albaitaritzako produktuak zein etxetresna elektrikoak aurkezteko. Hain zuzen ere, sektore horien helburua da produktuak beste era batera aurkeztea, eta ez modu tradizionalean, edo saltokiak ezagutzera ematea.

Gueñesko zein beste udalerri batzuetako jendea Beherapenen IV. Azokara joan dadin, Gueñesko Merkatarien eta Ostalarien Elkarteak erabaki du azokan erosketak egingo dituztenei txartelak emango zaizkiela zozketa batean parte hartzeko; otsailaren 13an, hau da, ekitaldiaren laugarren edizioa amaitutakoan, 200 euroko hiru txeke zozketatuko dira elkarteko kide diren saltokietan gastatzeko.

"Oso pozik gaude, orain arte jendeak besoak zabalik hartu baitu azoka. Gainera, herritarrek, azokara joateaz gain, egunero laguntzen diote udalerriko merkataritzari. Baina, azokak iraun bitartean, ikusten dugu Enkarterri eskualdeko beste udalerri batzuetatik ere etortzen dela jendea, bai eta Bilbo, Portugalete eta Santurtzitik ere. Eta hori Gueñesko Udalari zor zaio, lagundu egiten du-eta ekimena zabaltzen", esan dute Gueñesko Merkatarien eta Ostalarien Elkartekoek.