Beldur Barik programaren edizio berria abian da, gazteei zuzendutako ikus-entzunezkoen lehiaketarekin

Beldur Barik 2018 abian
EMAKUNDE
Actualizado: lunes, 24 septiembre 2018 14:48

GASTEIZ, 24 (EUROPA PRESS)

Beldur Barik gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko programaren edizio berria hasi da astelehen honetan, ikus-entzunezkoen lehiaketarekin. Beldur Barik lehiaketa da programaren ekintza nagusienetakoa, eta aurtengo edizioko leloa "Beldur barik jarrera partekatu" izango da, sare sozialei erreferentzia eginez, kultura matxistaren zein indarkeria sexistaren adierazpen desberdinak eraldatzeko norbanako zein taldekako konpromisoa zabaltzeko.

Emakundek jakinarazi duenez, urtero antolatzen du programa, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen babesarekin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria Zuzendaritzaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta EiTBren laguntzarekin. Egitasmoa 2009an sortu zen berdintasunaren aldeko Berdinsarea udalen sarearen barruan.

Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek erakutsi behar dute nola neska eta mutilek ezberdintasun egoerei aurre egiten dieten Beldur Barik jarrerarekin, alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin.

Lanak aurkezteko epea astelehen honetan hasi da eta azaroaren 9an bukatuko da. Parte hartzeko bi kategoria daude: 12-17 urtekoak eta 18-26 urtekoak. Lehiaketan bakarka edo taldeka parte hartu daiteke. Iazko edizioan 390 lan eta 2.664 gazte aurkeztu ziren.

Gainera, programak web gunea (www.beldurbarik.eus) eta sare sozialetan profilak ditu (Facebook, Twitter, Instagram eta Spotify), Beldur Barik jarrera gazteen artean zabaltzeko. Sortutako eduki eta elkarrekintzekin, hausnarketa eta eztabaida prozesuak ireki nahi dira. Helburua da jarrera eta jokabide sexisten eraldaketarako espazio positibo eta erreferentea sortzea, non kultura matxistarekin hausten duten pertsona eta ekimenak ezagutzera ematen diren.

JARRERA

Antolatzaileek azaldu dutenez, Beldur Barik ez da bakarrik ikus-entzunezko lehiaketa bat, aurkeztutako lanek Beldur Barik jarrera azaldu behar baitute, hau da, kultura matxistaren zein indarkeria sexistaren adierazpen desberdinak eraldatzeko norbanako zein taldekako konpromisoa islatu behar dute.

Beraz, kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da, nesken jabekuntzatik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, eta mutilen matxismoaren aurkako konpromisoa erakusten dutenak.

Adierazpen artistiko mota oro onartuko da, baldin eta ikus-entzunezko formatuan aurkezten bada. Kategoria bakoitzeko 500 euroko lehen sari eta 300 euroko aipamen berezi bana banatuko dira. Horrez gain, 300 euroko parte hartze saia emango da, herri bozketaren bitartez hautatua, baita ikus-entzunezko ekoizpen onenaren saria ere, 300 eurokoa.

Epaimahaia osatuko dute proiektua bultzatzen duten instituzioetako ordezkariek; feminismoa, sorkuntza, kultura eta hezkuntza arloekin lotutako pertsonek; eta aurreko urteetako lehiaketako partaideek. Epaimahaiak kategoria bakoitzeko sariak eta ikus-entzunezko ekoizpen onenaren saria aukeratuko ditu, eta herri bozketaren bitartez parte hartze saria, berriz, Beldur Barik web gunearen bitartez egingo da.