Benito Lertxundik Iparraldeko ikastolen aldeko kontzertu bat emango du abenduaren 22an, Errenterian

Publicado: domingo, 17 diciembre 2017 13:20

DONOSTIA, 17 Dic. (EUROPA PRESS) -

Benito Lertxundi kantautore oriotarrak kontzertua eskainiko du abenduaren 22an, Errenteriako Galtzaraborda kiroldegian (Gipuzkoa), iluntzeko 21:30ean. Emanaldia Errenteriako Orereta ikastolak antolatu du, "Luzatu eskuhara" ekimenaren barruan, Iparraldeko hainbat ikastolari laguntza emateko. Sarrerak 21 euroan salduko dira, eta ekitaldiak emango dituen irabaziak Biriatu, Hendaia, Urruña eta Ziburuko ikastolak laguntzera bideratuko dira.

Antolatzaileek adierazi dutenez, jakina da Iparraldeko ikastolek babesa behar dutela "alor guztietatik begiratuz, bai ekonomikoki, bai azpiegitura mailan, bai maila politikoan eta abarretan". "Euskarak ez du legezko izaterik Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan, eta ondorioz, Frantziako Estatuak ez ditu ikastolak bere hezkuntza sistemaren barnean homologatzen. 'Luzatu Eskuhara' bezalako ekimenak beharrezkoak ditu ikastolak eta euskarak Iparraldean", azaldu dute.

Jexux Leonet Oarsoaldea Garapen Agentziako lehendakariak adierazi duenez, "Iparraldeko ikastolek arazo ekonomiko handiak dituzte, eta gure laguntza eskaini nahi diegu, beren ekintzen zabalkundean lagunduz. Haien proiektua eta gurea proiektu bera direlako, haiei lagunduta gure burua ere laguntzen dugulako, herri euskalduna eraikitzeko".

Laguntza emateko bi modu nagusi daude: norbera kontzertura joanez alde batetik, eta enpresa edo elkarte gisa ekimenari atxiki laguntzaile gisa agertuz eta trukean sarrera kopuru bat jasoz bestetik, ondoren langileen artean edo nahi den moduan zabaltzeko.

Bigarren bidea hautatuz gero, bost ekarpen mota daude aukeran: babesle nagusi gisa agertzea (3.000 euro / 100 sarrera), babesle laguntzaile gisa agertzea (2.000 euro / 50 sarrera), babesle gisa agertzea (1.000 euro / 30 sarrera), laguntzaile gisa agertzea (200 euro / 8 sarrera) eta animatzaile gisa agertzea (100 euro / 4 sarrera).