Berbaguneak era guztietako euskaldunak bilduko ditu ostegunean Bilbon

Berbaguneak laugarren edizioa egingo du
BILBOKO UDALA/BIZKAIKO ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 18 enero 2016 12:50

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko euskaltegien sareak euskararen kaleko erabilera sustatzeko abiarazitako Berbagunea ekimena sendotuz doa hiriko kultur jardueren egutegiaren barruan, eta laugarren edizioa egingo du ostegunean, urtarrilaren 21ean, Azkuna zentroan, euskara kalera atera eta hizkuntzaren erabilera sustatzen jarraitzeko asmoz.

   Euskara euskaraz partekatzea da laugarren urtez antolatu den Berbagunearen asmo nagusia, eta aurten, abenduko Euskararen Nazioarteko Egunean zabaldutako mezu instituzionalarekin bat eginez, euskaldun berrien ahalegin eta ekarpena aitortu eta euskararen etorkizuna bermatzeko duten garrantzia aldarrikatuko du.

   "Berbagunearen laugarren edizioko erronka, berriz ere, euskara kalera ateratzea da eta euskaldunek zenbait gairi buruz euskaraz aritzea, hau da, besteak beste, liburuei, kirolari, aisiari buruz euskaraz berba egitea, eta horrela Bilbon euskararen erabilerari bultzada ematea", adierazi dute ekimenaren arduradunek aurkezpenean.

   Berbaguneak euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gai diren pertsonak bilduko ditu, kezka bera duten pertsonekin hizketan, giro atseginean, aritu nahi badute. Horretarako, euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak mahai berean jarriko dira, 09:30etik 18:00etara bitartean, hainbat elkarrizketatan parte hartzeko.

LAU TXANDA

   Jarduera egun osoan izango da Azkuna zentroko atrioan, eta 1.600 pertsona inguruk parte hartuko dute, lau txandatan banatuta. Lehenengo txanda 09:30etik 11:00etara bitartean izango da, bigarrena 11:00etatik 12:30era, hirugarrena 12:30etik 14:00etara eta laugarrena 16:30etik 18:00etara.

   Txanda bakoitzean hainbat talde antolatuko dira. Talde bakoitzean sei pertsona egongo dira eta aurretik jarritako gai bati buruz hitz egingo dute. Hogei minuturen buruan, egondako mahaitik altxatu eta beste mahai batera joango dira parte hartzaileak, hain zuzen, beste gai bati buruz hitz egiteko. Txanda bakoitzean birritan aldatuko dira mahai batetik beste batera parte hartzaileak, hau da, hiru mintzagai izango dira. Horretarako, partaide bakoitzari lantzeko gaiak jasotzen dituen liburuxka bat banatuko zaio.

   Mahai guztietan pertsona bana egongo da gaia proposatzeko eta mahaiko kideen elkarrizketan moderatzaile lanak egiteko. Aurten, Mikel Martinez, Patxo Telleria, Miren Agur Meabe, Juanra Madariaga edota Oihan Vega egongo dira, besteak beste. Ekitaldia erakargarriago izateko, kultura, gizarte, ekonomia, kirol eta politika arloetako zenbait pertsonak ere parte hartuko dute Berbagunean eta herritarrekin mahai berean egongo dira euskara ageriagoan uzteko Bilbon. Berbagunea IMQ, IKEA, El Corte Inglés, Kutxabank eta Deia-ren babespean antolatu da.