Berdintasunaren aldeko "eguneroko ekintza eta jarrera pertsonalen garrantzia" Martxoaren 8an

Martxoaren 8ko kanpaina aurkeztu du Landaidak
EMAKUNDE
Actualizado: lunes, 27 febrero 2017 12:03

GASTEIZ, 27 (EUROPA PRESS)

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak 2017ko Martxoaren 8rako prestatu duen kanpainak "gizartean berdintasuna sustatzen duten jarrera eta ekintza pertsonalen garrantzia" azpimarratuko du. Kanpainaren leloa "Berdintasuna nire baitan ere hasten da" izango da, eta inguru hurbilenean jarrera eredugarriak dituzten hainbat pertsonen adibideak aurkeztuko ditu, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak kanpainaren aurkezpenean Gasteizen astelehen honetan adierazi duenez.

Era honetan, kanpainak bizitzaren hainbat eremurekin zerikusia duten adibideak aurkeztuko ditu, esaterako, txiste matxistarik ez partekatzea erabakitzen duen gizon bat; publizitate sexista erabiltzen dituzten produktuak gehiago ez erostea erabakitzen duen emakume bat; pertsonen talentua lehenesten duen enpresa bat, non sexua edo arraza ez diren oztopo; alabari bere burua maitatzea ezinbestekoa duela eta bikotekidea izatea ez dela ezinbestekoa esaten dion ama bat; bere semearen lehen abizena amarena dela dioen gizon bat; ikasleei feminismoak gizarteari egin dizkion ekarpenak azaltzen dizkion irakasle bat; semeari "Ez beti da ez" erakustea erabaki duen gizon bat.

Landaidak gogoratu du joan den urteko kanpainan Emakundek salatu zuela zer nolako mezuak jasotzen dituzten gazteek, eta nola mezu hauek sexuen arteko botere harremanak eta sexuan oinarritutako estereotipoak eta rolak betikotzen zituzten. Aurten aldiz, erabaki da "adibide positiboak erakustea, egunerokoak, zeinen bidez norbanakoak bere ekarpena egin ahal dion berdintasunari, egunero, bere inguru hurbilenean".

"DENON ERANTZUKIZUNA"

Emakundeko zuzendariaren esanetan, "berdintasuna lortzea denon erantzukizuna da: erakundeena, mugimendu sozialena, enpresena, familiena, ikastetxeena, komunikabideena, era guztietako entitateena. Baita pertsona bakoitzarena ere, pertsona bakoitzak bere eragin eremuan zerbait egin dezakeelako berdintasunaren alde, guraso bezala, lagun bezala, hezitzaile bezala, bezero bezala, enpresa bateko arduradun bezala. Kanpainak dioen moduan, gero eta gehiago dira ekintzetara pasatu diren pertsonak, eta eredu hauek erakutsi nahi izan ditugu".

Kartelek, irrati iragarkiek, banerrek eta bideo batek osatuko dute kanpaina, eta otsailaren 28tik martxoaren 14ra arte egingo da kalean, komunikabideetan eta sare sozialetan. Horrekin guztiarekin batera, kartelak bidali dira erakundeetara, ikastetxeetara, osasun zentroetara, elkarteetara edota liburutegietara.

Horrez gain, sare sozialetan gonbidapena egingo zaie hiritarrei #BerdintasunaEgitenDut traola erabili dezaten, eta horrekin batera eguneroko bizitzan berdintasuna sustatzeko adibideak erakutsi ditzaten.