Berlinen Urrezko Hartza irabazi zuen "Eztia" filma bihar estreinatuko da euskaraz

"Eztia" pelikularen kartela
EUSKO JAURLARITZAKO KULTURA SAILA
Actualizado: jueves, 27 enero 2011 13:25

BILBO, 27 Ene. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailak bultzaturiko "Zinema Euskaraz" programak aurrera darrai pelikulak euskaraz Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zinema-aretoetara eramaten, eta bihar, "Eztia" filmaren txanda izango da. Film turkiarra euskaraz estreinatuko da EAEko hiru hiriburuetan, eta otsailaren 3ra arte ikusteko aukera izango da Guridi zinema-aretoetan, Gasteizen, Antiguo Berrin, Donostian, eta AlhondigaBilbaoko Golem zinema-aretoetan, Bilbon. Pelikulak Berlingo Zinemaldiko sari nagusia den Urrezko Hartza lortu zuen pasa den urtean, Kultura Sailetik adierazi dutenez.

"Eztia" filmak Yusuf izeneko umearen istorioa dakar. Yusufek sei urte ditu eta eskolan hasi berri da, irakurtzen eta idazten ikasteko. Yusufen aita, Yakup, nekazaria da. Aldian behin basora joaten da, erlauntzak zuhaitzik altuenetan jartzeko. Baso hori misterioz beteta dago Yusufentzat aitarekin batera joaten denean. Egun batean, erleak desagertu egin dira, eta Yakupek basoan barneratu behar du, zer gertatu den jakiteko. Denbora aurrera doa baina Yakup ez da bueltatzen. Egunak pasa ahala ama gero eta tristeago dagoela konturatzen da Yusuf, eta ondorioz, kemena hartu eta aitaren bila basoan barneratzen da protagonista, ezezagunerantz ibiltzen.

Pelikulak amaiera ematen dio "Yusuf" izeneko trilogiari. Semih Kaplanoglu zuzendari eta gidoilaria da hiru pelikulen sortzailea. "Esnea", Yusufen nerabezaroari buruzkoa, eta "Arrautza", gaztearen etorkizunean garatuta, trilogiaren beste bi pelikulak dira. Semih Kaplanogluren hitzetan, "trilogia flashback luzea izan daiteke baina inoiz ez garaiko filmak. Hirurok gaur egungo leku desberdinetan igarotzen dira; harremanak eta maila ekonomikoa aldatzen dira".

Hiru istorioetan agertzen den Yusuf, pertsona bera al den galdetzean, Kaplanogluk dio nahiago duela galdera horrii ez erantzutea, "sekretua, pelikulen arteko harreman zuzena eta zeharkakoa, eta misterioak galdu ez daitezen".

Edertasunez eta sentikortasunez betetako film honen paisaiak sekulakoak dira. Turkiako ipar-ekialdeko Rize probintzian grabatuta dago "Eztia". Filma Donostiako Zinemaldiko "Zabaltegi-Perlas" atalean aurkeztu zen iaz. Atal honetan munduko zinemaldi nagusietan irabazle gertatu diren metraje luzeko filmak besterik ez dira onartzen.

"ZINEMA EUSKARAZ"

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzatzen du "Zinema Euskaraz" delako programa, herritarrei zinema euskaraz ikusteko aukera errazteko, zinema euskaraz eskatzen dutenentzat eskaintza nahikoa bermatzeko eta euskara kultura eta gizarte-erabilpeneko hizkuntzatzat sustatzeko asmoz.

Ekimen honen bidez, zinemaren balioak bultzatu eta euskara kulturaren alorreko komunikazio-tresnatzat eta aisia eta denborapasaren alorreko normalizazio-tresnatzat sustatuko duen film aukeraketa bat helarazi nahi zaie euskal herritarrei.

Programaren oinarria filmen erakustaldia izanik, zinema-aretoetan 20 film euskaraz ikusi, beste 27 DVD formatuan saldu eta www.kulturklik.net eta www.eitb.com webguneetan doako 30 film baino gehiago 'streaming' (on line) bidez ikusteko aukera bultzatzen da. Horrez gain, akordioak sinatu dira udal desberdinekin, film horietako batzuk udal zinema-aretoetan pantailaratzeko aukera izan dezaten.

Elkar dendetan eta azalera handietan salgai jarriko diren hurrengo DVDak "A Taldea" eta "Marmaduke" dira; honela, lau titulu izango dira eskuragai, "Horton" eta "Ice Age 3" abenduan jarri baitziren salgai. Doan ikusi daitezkeen pelikulen artean arrakasta gehien izaten ari direnak umeei zuzendutakoak dira, hala nola "Glup", "Baso ilunean", "Cristobal Molon", "Txirri eta Mirri eta Txiribiton" eta "Betizu eta urrezko zinzarria".

Programa hau abian jartzeko, akordioa sinatu da EiTBrekin, filmen aukeraketa eta bikoizketa eta eskubideen kudeaketa koordinatu eta eskaintza hau sustatu eta ezagutzera eman dezan. Gainera, akordioak mamitu dira Vesa, Sade, Golem eta Circuito Coliseo banaketa-enpresekin, EAEko hiru hiriburuetan dituzten aretoetan film hauek ere programa ditzaten.