Foto: AZTI-TECNALIA
BILBO, 23 (EUROPA PRESS)
Jose Maria Ferarios Lazaro AZTI-Tecnaliako teknikariak Afrikako mendebaldean atuna harrapatzeko Bermeoko arrantzaleek bizi izandako gorabeherak kontatu ditu "Dakarreko kanpainak" liburuan. 1956tik 1965era bitartean, Bizkaiko arrantzale askok jo zuten Afrika aldera, Kantauri itsasoan arrantza egiterik ez zegoen neguko "atsedenaldiak" aprobetxatuz.
Liburua Bermeoko (Bizkaia) Nestor Basterretxea aretoan aurkeztuko da ostiral honetan, maiatzaren 24an, 19:00etan. Han izango dira idazlea, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordea eta ANABAC eta OPAGAC erakundeetako eta Bermeoko Kofradiako ordezkariak, liburua argitaratzen lagundu baitute, AZTI-Tecnaliarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera.
Ia 200 orrialde ditu "Dakarreko kanpainak" liburuak, eta Afrikan atunaren arrantzan aitzindari izan ziren zenbait lagunen lekukotasunak jaso ditu. Horrez gain, baditu argazkiak, garai hartako prentsan argitaratuko berriak, era guztietako dokumentazioa eta bibliografia zabala ere. Jose Maria Ferariosek hainbat urtez egin duen dokumentazio-lan eskergaren emaitza da liburua.
Dakar aldean Bermeoko arrantzaleek eta, neurri apalagoan, Bizkaiko beste portu batzuetakoek egin zituzten bederatzi kanpaina nagusien xehetasunak azaltzen ditu idazleak liburu honetan. 1956an hasi zen istorioa. Negu gogorra izaten ari zen euskal portuetan, arrantzaren krisia zela medio, eta Bermeoko hegaluze-flotak Afrikako kostaldera jo zuen, tunido bila.
Kanpaina onak eta ez hain onak izan zituzten arrantzaleek, baina guztietan nabarmendu zen haien ausardia, lana eta sakrifizioa. Izan ere, oso urrutira abiatu ziren, ekipamendu oso eskaseko ontzietan, eta tropikoko klima jasan behar izan zuten. Aitzindari haietako batzuren bizipenak jaso ditu liburuak: "Egin behar genuena besterik ez genuen egin: arrantzan egin, eta familia aurrera atera".
OMENALDIA
Bizkaiko Golkoan tunidoak kanaberaz arrantzatzeko teknikaren jatorria eta haren bilakaera ikertu du "Dakarreko kanpainak" liburuaren egileak. Idazleak dioenez, kanpaina haiek "ekarri zuten egungo Bermeoko atunketari izoztaileen flota bikainaren garapena". Bestalde, liburuaren beste asmoetako bat "arrantzale ausart haiek omentzea" izan da, "garai hain zailetan eta arrantza-leku hain urrunetan egindako ahaleginagatik", dio egileak.
Josu Santiago AZTI-Tecnaliako Tunidoen Ataleko Ikerketa arduradunak eta Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeko (ICCAT) Komisio Zientifikoko presidenteak idatzi du "Dakarreko kanpainak" liburuaren hitzaurrea. Bere hitzetan, "euskal arrantzaren historiako atal nahiko ezezagun bat berreskuratu du liburuak: Bermeoko flotaren Afrikako abentura. Sekulako garrantzia izan zuen abentura hark garai hartan eta, batez ere, egungo atunketari izoztaileen flotaren ernamuina izan zen".
Liburuaren dokumentazio-lan handia eta edizioa egiteko, hauen laguntza eta finantziazioa izan du Jose Maria Ferariosek: AZTI-Tecnalia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunaren Saila, Bermeoko San Pedro Arrantzaleen Kofradia, Atun Ontzi Izoztaileen Armadoreen Espainiako Elkartea (ANABAC-OPTUC), Atunsa, Inpesca, Pevasa, Echebaster Fleet SLU, Atun Ontzi Izoztaile Handien Ekoizle Elkartuak (OPAGAC), Atunera Dularra S.L., Albacora S.A., Compañía Europea de Túnidos, Nicra 7 S.L., Petusa, Atunera Sant Yago S.A., Ugavi de Túnidos S.L. eta Calvo S.A..
Bermeoko Udalaren standean izango da salgai liburua ostiral honetan hasiko den Bermeoko XIX. Arrain Azokan, eta ondoren, herriko turismo bulegoan. Halaber, liburua argitaratzen lagundu duten erakundeek bat egiten dute joan den apirilaren 11n Bermeoko Alde Zaharrean izandako suteak kaltetutakoen aldeko elkartasun mezuekin eta, aho batez, liburuaren salmentarekin lortzen den diru guztia kaltetuei ematea erabaki dute.