Bermeoko Arraun Elkarteko II Ikurrina eta Izaroko I Ikurrina ospatuko dira larunbatean

Actualizado: jueves, 6 agosto 2015 17:58

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

   Bermeoko Arraun Elkarteko II Ikurrina estropada ospatuko da larunbatean, abuztuaren 8an, arratsaldeko 17:00etan Bermeon. KAE 2 ligako estropada hau egin aurretik, beteranoen Izaroko I Ikurrina egingo da, 16:00etan. Bi estropada hauekin Bermeok 1912ko abuztuaren 12an gertatutako galarrenaren ondorioz hildako 143 arrantzaleak omendu nahi dira.

   Aingeru Astui Bermeoko Kultura zinegotziak eta Agustin Aranburu Bermeoko Arraun Elkarteko lehendakariak, besteak beste, prentsaurreko bat eskaini dute bi estropada hauek aurkezteko.

   Azaldu dutenez, KAE 2 ligako Bermeoko Arraun Elkarteko II. Ikurrina estropadan 14 taldek parte hartuko dute, Bermeo, Mundaka, Arkote, Getxo, Iberia, Lutxana, Castro, Colindres, NT2 Hondarribia, Donostiarra B, Zumaia B, San Pedro, Hibaika eta Oiartzunek, hain zuzen ere.

   Ildo honetan, nabarmendu dutenez, "Bermeoko harrobiaren fruitua da Bermeok duen trainerua, gazte bermeotarrekin osatutakoa. Benetan poztekoa da horrelako traineru bat izatea gero elitera saltoa emateko".

   "Bermeoko herriarentzat  poztekoa da KAE 2 ligako  estropada hau. Bermeoko II Ikurrinak gure herrian arraunak duen indarra erakusten duelako", gaineratu dute.

   Horrez gain, Bermeok beteranoen Izaroko I. Ikurrina ere ospatuko du. Lehenengo tandan Deusto, Zarautz, Fortuna eta Sestaoko taldeek parte hartuko dute eta bigarren tandan Arkotek, Zumaiak, Zierbenak eta Getxok.

   "Giro aparta izango dugu Bermeon bi estropada hauekin eta pertsona guztiei eta estropadara etorriko diren zaletu guztiei ongietorria eman nahi diegu, seguru gaude kirol ikuskizun hauekin guztiok disfrutatuko dugula Bermeon", azpimarratu dute.