Bermeoko XXIX. Nazioarteko Musika Asteak estilo ezberdinetako kontzertuak izango ditu

Bermeoko XXIX. Nazioarteko Musika Astea aurkeztu dute
Foto: BERMEOKO UDALA
Actualizado: martes, 29 julio 2014 16:38
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

   Bermeoko (Bizkai) XXIX. Nazioarteko Musika Astea ospatuko da abuztuaren 4tik 8ra bitartean, eta hainbat estilotako kontzertuak eskainiko ditu, besteak beste, The Funamviolistas taldea, ganbera taldeak, zarzuela errezitaldi bat eta San Frantzisko elizako organoaren mendeurrena ospatzeko kontzertu bat.

   Musika Astearen eszenatoki nagusia Santa Maria eliza izango da, baina aurten Bermeoko Kafe Antzokia eta San Frantzisko elizan ere egingo dira kontzertu bana, guztiak 20:00etatik aurrera. Sarrerak dohainik izango dira, The Funamviolistas taldearen kontzerturako izan ezik, lau euro balioko baitu.

   Horrela jakinarazi dute gaur Aingeru Astui Bermeoko Udaleko Kultura zinegotziak, Susana Regidor Kultura teknikariak eta Juan Aristi frantziskotar eta San Frantzisko elizako organistak, Nazioarteko Musika Astearen aurkezpenean.

   Horrela, Bermeoko XXIX. Nazioarteko Musika Astea abuztuaren 4an hasiko da, The Funamviolistas taldeak Bermeoko Kafe Antzokian eskainiko duen ikuskizun bereziarekin, antzerkia eta musika uztartzen dituena, hain zuzen ere. Hitzik esan gabe, hiru emakume "bakardadetik batasunera eta laguntasunaren bidetik amets batera helduko dira".

   Mayte Olmedilla biola jotzailea, Ana Hernandez biolinista eta Lila Horovitz kontrabaxu jotzailea dira The Funamviolistas. Musika arloan, Vivaldi, Grieg, Massenet, Bizet, Piazzolla, Rita Pavone, jazz, tangoa eta filmetako abestiak landuko dituzte.

   Ikuskizunerako sarrerak lau euro balio du eta dagoeneko salgai daude Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean, BBK-ko orotarako kutxazainetan eta www.kutxabank.es webgunean, amaitu arte.

   Musika Asteko bigarren kontzertua abuztuaren 5ean izango da, Santa Maria elizan, ganbera talde batekin: Pablo Sarasate soka laukotea. 1997an Iruñean sortu zuten taldea Poloniako hiru musikarik eta italiar batek. Bermeon eskainiko duten programan, Bethoveen, Arriaga eta Mozarten piezak entzun ahal izango dira.

   Halaber, abuztuaren 6an ere beste ganbera talde bat izango da Santa Maria elizan: Urval Ensemble haize taldea. Zumaian antolatzen den Klarinete Maratoian sortu zen Urval Ensemble. Aita Donostiaren kantuak direla aitzaki, euskal kultura sustatzeko eta hedatzeko asmoz, Nebraskan (AEB) Clarinet Fest 2012 bilkuran artista gonbidatua izan zen talde hau.

   Bermeon aurkeztuko duen programaren lehenengo zatia XVIII. eta XIX. mendeetako musikarena izango da: Bizet, Schubert, Verdi, Ponchieli eta abar. Bigarren zatian, aldiz, musika garaikidea izango da protagonista.

   Abuztuaren 7an zarzuela errezitaldi bat izango da Santa Maria elizan, eta Camerata Lirica taldeak zarzuelako bikote handiak aurkeztuko ditu, "Luisa Fernanda", "Marina", "El Barberillo de Lavapiés", "El Huésped del Sevillano" eta beste zarzuelatatik, soprano eta tenoreentzako abesti ezagunenetara.

ORGANOAREN MENDEURRENA

   Bestalde, Kultura zinegotziak azaldu duenez, abuztuaren 8an, Musika Astea bukatzeko, organo kontzertu bat izango da San Frantzisko elizan. Bertako organoak 100 urte betetzen ditu aurten eta "omenaldi modura kontzertu berezi bat eskainiko dugu Musika Astean".

   Emanaldian, Joxe Benantzi Bilbao Mundakako organo jotzaileak eta Alberto Urretxu tronboi jotzaileak Galliard, Satie, Krebs, Mozart, Guilmant, Gorosarri eta Piazzolaren lanak interpretatuko dituzte.

   Astuik nabarmendu duenez, Naszioarteko Musika Astearekin, "kalitatezko kontzertuak eskainiz, betidanik herrian izan dugun musika zaletasuna bultzatu" nahi da, eta denak gonbidatu ditu Santa Mariako eta San Frantziskoko elizetan eta Bermeoko Kafe Antzokian arratsaldeko 20:00etan izango diren kontzertuetan parte hartzera.

   Azkenik, Musika Astea posible egiten duten laguntzaile guztiei eskerrak eman dizkie, alegia, Bizkaiko Foru Aldundiari, Santa Maria eta San Frantzisko elizei eta Itsuki irratiari.