Bernardo Atxagak Passaporta literatura-jaialdian parte hartuko du asteburuan, Bruselan

Actualizado: viernes, 25 marzo 2011 17:46

BILBO, 25 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bernardo Atxaga idazle asteasuarrak Passaporta literatura-jaialdian parte hartuko du asteburuan, Bruselan. Ehundik gora izango dira bertaratuko diren nazioarteko idazleak, eta anitzak bertan antolatuko diren hitzaldi eta literatura-ekitaldiak.

Bi urtez behin antolatzen den nazioarteko literatura-topaketa bere arloko garrantzitsuenen artean dago, eta oraingoan partaide arituko diren idazleak honako hauek dira: Orhan Pamuk, Philippe Claudel, Peter Esterhazy, Jens Christian Grondahl, Douglas Kennedy, Andrea Levy, David Mitchell, Gonçalo M. Tavares eta Sandro Veronesi, besteak beste.

Bernardo Atxagaren partaidetza Passaporta jaialdian, Etxepare Euskal Institutuaren, Cervantes Institutuaren eta Espainiako Kultura Ministerioko Liburu, Artxibo eta Liburutegien Zuzendaritza Nagusiaren arteko lankidetzaren eskutik dator, eta euskal erakundeak Bruselan egiten ari diren Euskal Kultura eta Talentuaren I. Europar Zikloaren baitan kokatua dago.

La Monnaie Belgikako Antzoki Nazionala da literatura-jaialdiaren antolatzaileek aukeratu duten eszenatokia, Bernardo Atxagak igandean eskainiko duen mintzaldia emateko; hitzaldiak "Zazpi Etxe Frantzian" bere obra hartuko du hizpide. Joan den urtarrilean Cervantes Institutuak eta Etxepare Euskal Institutuak sinatu zuten lankidetza-hitzarmenaren testuinguruan antolatu da ekitaldia.

Euskal Kultura eta Talentuaren I. Europar Zikloa euskal kultura eta talentua Europan sustatuko duen lehenengo jarduera da, Euskadiren Bruselako Ordezkaritzak (Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren menpe dago) Etxepare Institutuarekin elkarlanean martxan jarria, bai eta Donostia-2016ko Europako Kultur Hiriburu Izateko Hautagaitzaren nahiz Belgikan dauden kultura-elkarteen eta Europar Batasuneko erakundeen lankidetzarekin ere.

Zikloa Euskadik Bruselan ordezkaritza ofiziala kokatu zuenetik 25 urte bete direlako jarri da abian, eta Etxepare Institutuaren lehen jarduerekin batera antolatzen da, euskal kulturaren alorreko izen entzutetsuak nahiz talentu berriak bilduz bertara.

Kultura-ekitaldi anitz egingo dira esparru ezberdinetan, hala nola literatura, zinea, artea eta musikaren alorretan, euskal kultura Belgikan zein Europar Batasunean ezagutarazteko xedez. Halaber, sektoreko erakunde eta profesionalen arteko lankidetza-loturak sendotu nahi dira eta, era horretan, kultur eta sorkuntzaren industriaren alorreko jaialdietan beren presentzia finkatu.